Bi saritarako lehiatuko da lana: genero-berdintasuneko sarirako, eta euskarazko lanik onenaren sarirako.
Ikusezinak lehiaketa KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen du, eta aurten 9. aldia izanen du. Saritutako lanak ortzegunean, urriaren 26an, jakinaraziko dituzte, Bilbon eginen den sari-banaketa ekitaldian.
'Neskatoak' dokumentala
Bigarren zinemaldia du hau Neskatoak dokumentalak, joan den udaberrian Hueskako Espiello lehiaketan parte hartu ondotik. 60 emanaldi baino gehiago eskaini ditu 2016ko martxoaren 6an estreinatuz geroztik, Euskal Herriko bertze horrenbertze herritan.
1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako bertze hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu Neskatoak dokumentalak. Frankismoaren urterik gogorrenetan, familia gibelean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren emakume horiek, nerabe eta neska gazteak. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; anitzetan kontraturik eta paperik gabe; pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten hainbertzek, gaur egun gurera bizimodu hobe baten bila etortzen diren etorkin eta errefuxiatuen gisan. Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak.
Zuzendaria: Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975) kazetaria da ikasketaz, kultur kudeaketan aditua, eta gaur egun Elhuyarren dabil lanean, partaidetza teknikari moduan. Hainbat hedabidetan lanean eta kolaboratzaile lanetan jardun ondotik, hau du bere lehenbiziko dokumentala zuzendari moduan.