Orduan martxan parte hartu zuten garaiko Lesakako Enpresa Batzordeko ordezkaritza jarri da mahaian, tartean Fernando Arozena (CCOO), Julen Mitxeltorena (LAB) eta Batti Eskudero (LAB) edo Peio Astiz (ESK-CUIS). Beraiekin batera, Barakaldoko Altos Hornos de Vizcaya (AHV) lantegian Burdinaren Martxaren sustatzaile nagusiak izan ziren Carlos Perez-Soto (LAB) eta Nestor Alvarez (CCOO) izan dira aurkezpenean.
Hiru ilaratan antolatu zen martxa hark, estatu osoko siderurgiako langileak eraman zituen Oviedotik, Bilbotik eta Lesakatik Madrilera, sektorearen krisi egoera larriaren aurka eta gobernuaren politika aldatzea eskatuz protesta egiteko. Lesakatik 21 langile oinez joan zirela gogoratu dute eta batez, ere, «herriz herri jasotako elkartasuna eta Madrilen estatu osoko langileak eta babesa ematera joandako herritarrak elkartzerakoan izan genuen harrotasuna, Lesakatik sei autobus joan ziren Madrilera» azpimarratu dute. Urriaren 9an abiatu eta urriaren 26an ailegatu zen Madrilera, manifestazio handi bat egiteko. Batti Eskuderoren erranetan, “garaiko prentsaren arabera 50.000 lagun bildu ziren, ordura arte langileen mobilizazio batek sekula mugitu zuen jendetzarik handiena”.
Fernando Arozenak aipatu duenez, garai hartan 1.950 bat langile zituen Laminacionesek, Lesaka, Legasa eta Zalaingo lantegien artean. Gaur egun, Lesaka eta Legasaren artean 310 dira eta Arcelor taldetik kanpo dagoen Zalainen 350 bat.
Egitaraua
Hura gogoratzeko, urriaren 27an, ortziralean, arratsaldeko 7etan Bizkaiko Labe Garaien itxiera (Azterketa kritikoa eta testigantza) hitzaldia eskainiko du Xabier Barrutia Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitateko katedratiko eta ekonomia-doktoreak Harriondoa Kultur Etxean. Ondotik, leku berean asteburu osoan ikusgai izanen den erakusketako ateak zabalduko dira. Argazkiak, prentsa agiriak, bideoak eta bertze hainbat material bilduko ditu erakusketak. Urriaren 28an, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; eta urriaren 29an, igandean, 10:00etatik 14:00etara izanen da ikusgai.
«Urtemuga honetan ekintza hau burutzeko arrazoiak giza ikuspegitik izan zituen ondorioak, pasatu ginen herrietan bertako bizilagunengatik jaso genuen adiskidetasun, eta zuzenean parte hartu genuenean izan genituen bizipenak» azaldu dituztela aipatu du Batti Eskuderok. Bere erranetan, «borroka eta garai bakoitzak bere testuingurua dauka, bainan aldi berean, garbo dago lehen eta orain ere, botere eta harreman sozialak aldatzeko eta etorkizuna izateko, borroka egin behar dela, beraz, martxak jarraitu behar du». Martxan parte hartu eta babesa eman zutenei eskerrak ematearekin batera, azken urte hauetan gure artetik joan diren lankideak ere gogoratu dituzte: Iñaki Abalde, Juan Antonio Kasasola, Joxe Joakin Erregerena (Lesaka) eta Antonio Lalana (Perfrisa).