Prentsaurrean Belen Urrutia, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko Idazkaria eta Elbeteko Posadako sukaldaria; Ruben Garate, Baztan-Bidasoko Jatetxeen Elkarteko lehendakaria eta Olari jatetxeko sukaldaria; Ehizari buruzko lehen Jardunaldi Gastronomikoetan parte hartu zuen Imanol Luzuariaga, Donamariako Bentako sustatzailea; Javier Losada, Palacio de Yrisarri jatetxeko arduraduna (lehen aldiz parte hartuko dute jardunaldietan) eta Carlos Lezeaga, Pirinees Exdim-eko kudeatzailea, jardunaldietako babesleetako bat izan dira. Jardunaldiak estazionalitatea apurtzeko sortu zirela azpimarratu dute. 25 urteren buruan, helburua bete egin da eta udazkena, Baztan-Bidasora etortzeko sasoi berezia bilakatu da.
Aurtengo edizioan 10 jatetxek parte hartuko dute: Bortzirietan, Aterpe eta Burlada, Arantzan; La Villa eta Palacio de Irrisarri, Igantzin eta; Etxalar Herriko Ostatua, Etxalarren. Malerrekan, Donamariako Benta. Eta Baztanen, Arizkungo Ordoki, Elbeteko Posada, Iruritako Olari eta Oronoz Mugairiko, Urgain.
Ehiza eskaintza zabala izanen dugu dastagai: usoaz gain, biligarroak, faisaiak, basahate galeperrak, eperrak, orkatza, basurdea eta oreina. Ohiko erara egindako platerak eta baita saltsa bereziekin lagundutako menuak ere: sagar konpota, intxaur oliozpina, mahats beltz goxokia,…udazkenean egonda onddoak ez dira faltako eta akitzeko, bertako produktuekin eta esnekiekin egindako etxeko postreak, bertzeak bertze.
Pirineos Exdim eta ehiza produktuak komerzializatzeko bereziki sortutako Pirynèes markaren bermea daramate Baztan-Bidasoko XXV. Ehiza Jardunaldiek. Baita Inurrieta arnotegietako bermea ere. Urtero bezala babesle ditugu Pirineos Exdim eta Inurrieta arnotegia, Nafarroako Gobernuarekin batera.
Baztan-Bidasoa Turismoak jatetxe guztiak biltzen dituen kartela eta eskuorria argitaratu ditu. Eskuorri hauek, jatetxeetan eta turismo informazio guneetan eskuragarri egonen dira baita www.baztan-bidasoa.com web orrian eta sare sozialetan ere.
Material grafikoko irudia joan den urteko argazki sariduna da, Usoa ohiko erara egina” izena duen argazkia, Carlos Salaverrik, iaz Donamaria’ko Bentan ateratakoa. Irabazlea izanik, bere argazkia eskuorrian agertzen da eta eskualdeko jatetxeetan bi pertsonendako menuaren irabazlea da.
III. Argazki lehiaketa
Iazkoa, argazki lehiaketaren II. Edizioa izan zen eta aurten hirugarrena ospatuko dute. Parte hartu nahi duenak jatetxe partehartzaileetan otordu goxoa egitera hurbildu eta dastatuko dituen ehiza platerei argazkia atera beharko die. Ondoren, argazkiak info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du (heldu den urtean) eta bere argazkia heldu den edizioko Jardunaldien irudiaa izanen da. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.