Igandean ere, astebururo bezala, tradizio hau hobeki ezagutzeko bisita gidatuak izanen dira, baina ordutegi zabalagoarekin (11:00tan bakarrik izan beharrean, bi bisita eskainiko dira, bat goizeko 10:00etan eta bigarren bat 12:00etan). Bisitek ordu bat eta erdi inguru irauten dute eta azalpenak trepa baten azpitik egiten dira, honela, usoa etortzen bada, bertatik bertara ikusten da prozesu tradizional guztia eta bukaeran bideo bat ikusten da. Bisitaren prezioa, 5 eurokoa da pertsonako eta 10 lagunetik gorako taldeentzat berriz 4 euro pertsonako. Interesatuta daudenek, aldez aurretik deitu beharko dute.
Hala ere, besta bezperatik hasiko da. Herriko gazteek antolatuta, urriaren 7an 18:00etan patata tortila txapelketa izanen da. Mahaiak frontoian jarriko dituzte baina hirukote bakoitza arduratu beharko da tortilla egiteko behar duen materiala ekartzeaz. 20:30etan afari irekia izanen da. Bakoitzak zerbait ekarriz eta elkarbanatuz eginen da afaria frontoian. Tortilla txapelketako tortillak dastatzeko aukera ere izanen da. 20:00etatik 23:00etara Beñat eta Fernandok giroa alaituko dute.