Berako XXV. Mendi Bizikleta ibilaldia urriaren 1ean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 29a, 08:00

14 urtez beheitikoek 10 kilometroko ibilbidea izanen dute.

Nagusiek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, 32 eta 20 kilometrokoak eta 14 urtez beheitikoak Postasetik Iamotenearaino joanen dira

Urriaren 1ean, Gure Txokoa elkarteak antolatutako Berako XXV. mendi bizikleta ibilaldia eginen da, igande goizeko 10:00etan hasita. Matzada futbol zelaia obretan dagoenez, irteera-helmuga puntua Iamotenean izanen da. Haurren probarako igande goizeko 9etatik 9:30era emanen da izena Iamotenean (gurasoen autorizazioa behar da) eta helduen izen emateak 9tatik 10ak arte. 

 

Helduek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 32 kilometrokoa luzeena eta 20 kilometrokoa laburrena. Federatuek eta Gure Txokoako bazkideek 5 euro ordaindu beharko dute izen ematean eta federatu gabekoek eta Gure Txokoako bazkide ez direnek 10 euro.

Ibilbide ttikia ere izanen da, 10 bat kilometrokoa, 14 urtez beheitiko neska-mutikoei zuzendua, Postas eta Bera artean (10 km). Hauek 5 euro ordaindu beharko dituzte izen ematean eta gurasoen baimena aurkeztu beharko dute (Aloña Farmazian edo Katea Bike dendan eskura daiteke papera) edo gurasoetakoren batek lagunduta parte hartu.

Bolondresak ere beharko ditu Gure Txokoak proba hau behar bezala joan dadin, beraz, laguntzeko prest bazaudete, jarri elkartearekin harremanetan email bidez (guretxokoaelkartea@gmail.com) edo mezu bat bidaliz 626309438 zenbakira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun