Aire ahizpek kantaldia eskainiko dute irailaren 15ean Lesakan, euskaltegiko matrikulazio kanpainaren baitan

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 14a, 12:56
Aire ahizpek kantaldia eskainiko dute ortzirale arratsean Lesakan.

Ortzirale arratseko 8:30ean plazan hasiko den emanaldirako sarrera debalde izanen da 

Euskaltegiko matrikulazio kanpaina girotzeko bi ekitaldi antolatu asmo ditu Euskara Mankomunitateak euskaltegiarekin batera. Ortzirale honetan, 20:30ean Lesakako Plaza Zaharrean Aire ahizpek kantaldia eskainiko dute. Emanaldia debalde izanen da. 

 

Irailaren 22an, datorren ortziralean, 19:00etan Berako Beralandetatik abiatuta bertso-triki-pintxo-poteoa eginen dute.

 

Euskaltegiko matrikulazio kanpaina

Ikasturte berria ate joka dugu euskaltegian eta Euskara Mankomunitateak herritarrak euskara ikastera animatzeko kanpaina abiatu du: Euskara musu-truk! Sólo te costará un beso. Joan den urtetik euskara ikastea debalde da Bortzirietan; bertan erroldatutako herritarrei ikastaro osoa finantzatzen die eta Euskara Mankomunitateak.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunen ustez harrera ona izan du ekimenak: «euskara debalde ikasteko aukerak jende gehiago erakarri du euskaltegira, eta ikasleen parte hartzea eta aprobetxamendua hagitz txukunak izan dira. 45etik 71ra igo da ikasle kopurua urte batetik bertzera, eta euskara ikasten hasteko behe urratsetik 20 ikasle berri izan dugu».

Euskaltegian izena emateko mezua zabaltzeko bi bideo prestatu dituzte eta kanpainak badu irudi berria, alaia eta baikorra.

Euskara musu-truk, Bortzirietan euskara ikastea debalde delako. Eta sólo te costará un beso, euskarazko erramoldea gaztelaniara itzulita umorearekin erakarri nahi izan dituztelako erdaldunak. Euskara ikastea doakoa izanen dela azpimarratzeaz bat, honako mezu hau zabaldu nahi izan dugu: euskara ikasteak ez duela preziorik, mundu oso bat irabazten baita.

Izena emateko epea irailaren 1etik 29ra irekita dago. Matrikulazioa eta finantzaketaren gaineko informazioa eskuratu nahi duenak, Bortzirietako Euskaltegira deitu (948 637796) edo Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen web orrian (www.bortziriak.eus) lor dezake.

Diru-laguntzak jaso ahal izateko honako baldintza hauek bete beharko dira: Bortzirietan erroldatua egotea, asistentzia %85etik goitikoa izatea eta ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatzea.

Matrikularen gastu osoa ordainduko zaie baldintza hauek betetzen dituztenei (gehienez 380 euro). Laguntzak jaso­tzeko urriaren 13a baino lehen beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute: Eskaera orria behar bezala beteta, NAN fotokopia, Euskaltegiko izen-emate orria eta konpromiso idatzia. Urrian matrikula gastu osoa baino 100 euro gutxiago (280 euro gehienez) jasoko du ikasleak bere kontuan eta euskaltegiari matrikula osoa ordaindu beharko dio. Uztailean, baldintzak betez gero, 100 euro ordainduko zaizkio. Baldintzak betetzen ez dituenak ez du jasoko diru laguntza osoa. Honela, %50 eta %85 bitarteko asistentzia duenak uztaileko ordainketarik ez du jasoko eta asistentzia %50tik behera duenak Mankomunitatearen diru laguntza itzuli beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun