Etxalarko udalak 31.915 euro jasoko ditu Usategietako enkantean ez baita hobekuntzarik eskaini

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 14a, 07:36
Etxalarko udal ordezkariak eta langileak, enkantean.

Irailaren 12an egindako bigarren enkantean ez zen hobekuntzarik izan eta lau postu eman gabe segitzen dute 

Etxalarko Iarmendi inguruko 21 uso ehiza postuen enkantea egin zen irailaren 3an Herriko Etxean. 31.915 eurotan eman ziren, hasierako prezioaren (34.250 euro) azpitik. Izan ere, postu bat izan ezik, denak hasierako prezioan eman ziren eta lau hutsean gelditu ziren. Irailaren 12ko bigarren enkantean ez da hobetzerik eskaini.

 

21 postuetatik 16 hasierako prezioan eman ziren, inolako hobetzerik gabe. 12. postua 73 tanto hobetu zen (730 euro gehiago). Aldiz, 15., 16., 17. eta 18. postuak hutsean gelditu ziren eta inork ez zuen hasierako 715 edo 920 euroak ere ordaindu. Posturik garestienak, zortzigarrena eta hamekagarrena, hasierako 3.270 eurotan eman ziren.

Behin betiko enkantea irailaren 12an egin zen eta ez zen hobekuntzarik izan eta hutsean gelditutako lau postuak eman gabe segitu zuten.

Etxalarko Udalak irailaren 28an eginen du ohiko batzarra eta orduan erabakiko da zer egin eman gabe gelditu diren postu horiekin. Oraingoz, hasierako prezioa mantenduko dute, baina eskaintzaren bat agertuko balitz, hori baino baxuagoa, Udalak aztertuko luke onartu edo ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun