Haur elebidunen eta eleaniztunen hizkuntzaren garapen atipikoaren lan ildoak aztertzeko ikastaroa antolatu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 12a, 08:56
Bi urtez Lesakan egin da haur garapenari buruzko ikastaroa. Aurten Beran izanen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Udako Ikastaroen baitan, irailaren 29an eta 30ean

Aurten Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Udako Ikastaroen barne, Haur elebidunen (euskara/gaztelania/frantsesa) eta eleaniztunen hizkuntzaren garapen atipikoaren inguruko lan ildoak izeneko ikastaroa eskainiko du. Ikastaroa hirugarrenez antolatu da. Aitzineko bi urteetan Lesakan izan da, baina aurten Berako Kultur Etxean izanen da, datorren irailaren 29an eta 30ean. Izen ematea zabalik dago irailaren 27ra bitarte.

 

Zalantzarik gabe gai interesgarria da bizi garen eskualdean garapen atipikoa duten haurren familientzako nahiz haiekin egunerokoan lan egiten duten profesionalentzako, bereziki hezkuntza arlokoentzako. Aitzineko urteetako ikastaroaren emaitza izan da dagoeneko martxan den mugaz gaindiko lan talde bat, arlo ezberdinetako profesionalak, familiak, elkarteak eta ikerlariak biltzen dituena. Hain zuzen, Lesaka Hezkuntza Garapena lantalde horren aurkezpena ere eginen dute ikastaroan.

Aurten Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ikastaroaren finantzaziorako diru laguntza txiki bat eman du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun