Arantza Rockeko boletoen zenbaki sarituak jakinarazi dituzte

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 21a, 12:10

Jendetza bildu zen joan den larunbatean Arantzan, Arantza Rock jaialdiaren 22. edizioaren harira. Kontzertuak gauez izan baziren ere, egunez ere giro polita sortu zen.

Bazkaria eta ginkanaren ondotik, Polekeleke elektrotxarangarekin poteoa egin zuten herrian barna eta hagitz giro polita sortu zen. 22:30etik aitzinera, berriz, kontzertuen txanda izan zen eta han igo ziren taula gainera Liher, Estu& Larri, Bad Sound System, Trikizioa eta DJ Jotatxo.

Kontzertuen artean egin zuten Arantza Rockeko boletoen zozketa. Arantzako Aterpe, Pabloenea, Primi eta Burlada jatetxeetan otorduak zozketatu zituzten eta hauek izan ziren zenbaki sarituak: lehenbiziko saria 601 zenbakiarentzat izan zen, bigarrena 1.264rentzat, hirugarrena 991entzat eta laugarrena 1.345 zenbakiarentzat. Lehenbiziko bi sarituek hiruna otordu eskuratuko dituzte eta hirugarren eta laugarren zenbaki sarituen jabeek bina otordu. Boleto sarituen jabeek hilabete bateko epea izanen dute agertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun