Lesakako historiari buruzko ‘Piedra, hierro y papel’ liburua aurkeztu du Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 17a, 14:25

Liburua zuzendu den Ana Zabalza, atal bana idatzi duten Egoitz Telletxea herriko historiazalearekin eta Jose Luis Etxegarai alkatearekin.

Eusko Ikaskuntza erakundearekin sinatutako hitzarmenaren baitan argitaratu dute eta herriko ondare zibila eta erlijosoa, ibilbide historikoa eta bertze hainbat jakingarri biltzen ditu

Piedra, hierro y papel. Trayectoria histórica de la villa de Lesaka izenburupean, 435 orriko liburu mardula argitara eman du Lesakako Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako elkarlanaren baitan. Lehen aleak uztailaren 6an Sanferminetako txupinazoa bota zuten Modesto Maia eta Tomas Rekondori eman bazieten ere, abuztuaren 17an egin dute aurkezpen ofiziala Lesakako Herriko Etxean. Liburua 20 eurotan salgai dago Legarra, Telletxea eta Xagu liburudendetan, baina laister edizio digitalean ere ikusgai izanen da Lesakako udalaren webgunean eta Nafarroako Liburutegi Digitalean.

 

2009an sortu zen honelako lan bat egiteko ideia. Ana Zabalza Seguín-ek zuzendu du lana eta bere idatziaz gain, Jose Luis Etxegarai Andueza alkatearena, Jose Maria Esparza Urrozena eta Egoitz Telletxea Etxeparerena ere ageri dira.

Jose Luis Etxegarairen idatziak Lesakaren iragana eta gaur egungo egoera ditu hizpide, jatorria, eboluzio demografikoa, udal bizitza, jarduera ekonomikoa eta bestak eta 1423ko edo 1890eko udal ordenantzen berri ere ematen du. «Lan honetan, herriko artxibotik ez ezik, lehendik ere idatziak dauden lanetatik ere edan dugu, informazio ahalik eta zabalena eta onena emateko».

Ana Zabalzak Lesaka Aro modernoan du hizpide eta 1607ko lesakarren bizimodua, Lesakak Nafarroako Gorteetan zuen lekua eta Lesakan jatorria duten hiru leinu garrantzitsu, Zabaleta, Marichalar eta Barrenechetarrak aztertzen ditu. Liburuaren zuzendariak aipatu duenez, «ez da liburu itxia, irekia baizik, Lesakako historiaren ikuspegi bat ematen duena». Horren erakusgarri, azalerako erabili duten argazkia: «Duela mende bateko ezpatadantzariak ageri dira eta hasieran ezezagunak baldin baziren ere, gaur gaurkoz guztiak identifikatu ditugu».

Aurkezpenean egoterik izan ez duen Jose Maria Esparzak Lesakako arkitektura zibilaren ondarea, hirigintza kontuak, dorreak, etxeak eta baserriak, Minddurienea eta Zabaleta eta Lesakako Hirigintza Plana aztertzen ditu, bertzeak bertze.

Egoitz Telletxeak, azkenik, herriko monumentu erlijiosoen historia eta ondarea aztertzen ditu, San Martin de Tours eta karmeliten konbentuari aipamen berezia eginez, baina baselizei, gurutzeei eta hilerriari ere kasu eginez. Telletxeak aipatu duenez, «akaso ohituegiak gaude Lesakako ondarea ikustera eta ez dugu behar bezala baloratzen, ez gara 5 minutuz jartzen eta ikusten. San Martin elizako erretaula barrokoarekin eta garai batean komentuan zegoen ondarearekin bakarrik, erran dezakegu Nafarroa osoan ez dagoela horrelako aberastasunik izan duen herririk eta estatu mailan ere zaila izanen da horrelakorik topatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun