«Herritar gehiago animatuko nituzke bestetako bileretan parte hartzera»

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 11a, 14:34

Leire Olagarai, Etxalarko zinegotzia.

Leire OLAGARAI, Etxalarko zinegotzia

«Etxalar aunitz maite duen etxalarta­rra». Horixe erranez aurkeztu digu bere burua Leire Olagarai Goienetxe gazteak. Eta horrekin batera, «na­turaz, familiaz eta lagunez gozatzea» ­atsegin duela ere aitortu digu. Baina hainbertze maite duen herriaren alde lana egitea ere tokatzen zaio, bertzeak bertze, He­rriko Etxeko zinegotzia delako. Onartu digunez, ardura haundia da zinegotziarena: «denbora aunitz eskatzen du. Ahal den hobekien egiten saia­tzen gara».

 

URTERO BERRIKUNTZAREN BAT EGITARAUAN

Abuztuan sartuta, herriko bestak ditu orain buruan. Eta ez preseski parranda duelako buruan. Kultur zinegotzia izanda, bestak antolatzeko ardura duen ba­tzordeko kideetako bat delako baizik: «ardura haundia da. Bestetan egun osoa telefonoari begira pasatzen dut badaezpada ere, eta jendeari ea gauzak gustatu zaizkien eta zertan hobe daitezkeen galdezka».

Urtarrilaz geroztik aritu dira besten antolakuntzan, eta dagoeneko «dena prest dugu. Bestak hasteko gogoarekin gaude», adierazi digu umoretsu. Hasi bai, baina bukatu ere...: «bestak ilusioz eta gogoz hasten ditut, baina baita bukatu ere», aitortu digu etxa­lartarrak.

20.000-21.000 euroko aurrekontua dute bestak antolatzeko, eta hortik zati haundiena Udalak ordaintzen duela azaldu digu Leirek. Hala ere, gaineratu digunez, «he­rriko elkarte eta taldeek ere ekintza dezente antolatzen dituzte beraien kontura: Etxa­larko gazteak, Guraso Elkar­tea, dantza taldea, txistulariak, triki­tilariak...». Hainbat boluntariok egiten duten lana ere nabarmendu nahi izan du. Eta horrela izan da aurten ere. Alde bateko eta bertzekoen elkarlanari esker, «jende guztiaren gustuko gauzak ekartzen saia­tu» direla aipatu digu Olagaraik, «arrakasta duten ekintzak kendu gabe».  Sosa omen da muga, baina hala ere, urtero zerbait berria ekartzeko ahalegina egiten dute: «aurten, Etxalarko eta bertze herrietako emakume talde batek dantza saioa eskainiko digute abuztuaren 18ko eguerdian». Horrez gain, aurten ere ez dute hutsik eginen Leireren irudiko, «aipagarrienak eta jendetsuenak diren bestetako ekitaldiek: bezperako herri afaria eta azken eguneko asaua». Hori da, gainera, berari gehien gustatzen zaiona: «Asau Eguna».

 

PARTE HARTZEKO DEIA

Garbi dio Leirek: «denen gustua egitea ezinezkoa da, baina ahalik eta gehien denok disfrutatzea nahi izaten dugu». Horregatik egin die herritarrei parte hartzeko deia: «nahiz eta dagoeneko jende aunitzek lagundu eta ideia be­rriak bota, bestak denontzat direnez, he­rritar gehiago animatuko nituzke bile­retara eta antolakuntzari laguntzera, horrela, denon gustuko bestak ospatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun