«Berako ondare haundiak erakusleiho bat eduki behar du»

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 1a, 07:45

Lupe Mendigutxia, Isidoro Fagoagaren Lagunak taldean eta bertze hainbat xaltxatan dabilen emakumea.

Lupe MENDIGUTXIA, Isidororen Lagunak taldeko kide 

Aurkezpen guttirekin aski du Lupe Mendigutxiak Beran, baina bada jendeak argi izatea nahiko lukeen zerbait: «igantziarra eta beratarra naizela». Hori garbi dio, nahiz eta Errenterian bizi izandakoa den eta Oiartzunen lan egiten duen: «ni, berez, Igantzin jaioa eta Igantzin bizitutakoa naiz. Aitak Pasaian lan egiten zuen eta Errenteriara joan ginen bizitzera, baina nik bihotzean eraman dut eta daramat Igantzi». Baita Bera ere: «Berara ezkondu nintzen eta 34 urte daramazkit bertan. Beratarra ere sentitzen naiz».

 

Afizioen zerrenda luzea

Irakaslea da ofizioz, baina afizioen zerrenda luzea du: «landareak, artea, historia, musika... eta batez ere lagunekin egotea». Berak onartu baitigu «aspertzea zer den ez dakien pertsona» dela: «beti badut zeregina eta izanda ere hurrengoan pentsatzen ari naiz». Zaletasun aunitz ditu: «afizioa gustatzen zaizun hori egiteak ematen dizun plazeragatik baldin bada, afizio ausarki ditut». Honela azaldu dizkigu: «etxean nagoenean landareekin ordu dezente pasatzen ditut». Artea ere «bere diziplina desberdinetan» maite du: «pintura hagitz gustuko dut, baita eskultura eta antzerkia ere. Artearen munduan zinema da guttien erakartzen nauena». Euskal Herriko historia «aunitz interesatzen» omen zaio eta azaldu digunez, «1989an, Oiartzungo bortz lagunekin, Bera lurraldeko mapa argitaratu genuen, Bera udal mugapearen ondare eta lekuen izenekin. Lan sakona izan zen, erruz disfrutatu nuen». Gero, Igantziko toponimia ikertu zuten, «baina sortutako materiala Nafarroako Gobernuari saldu genion».

Historiazalea izanda, «liburuak irakurtzen ditudanean, normalean, nobela historikoak irakurtzen dituela» aipatu digu. Musika da bere bertze pasioa: «gehienbat, musika klasikora jotzen dut. Musika korala eta opera arrunt gogokoak ditut». Onartu digunez, «autoan gidatzerakoan, Gaztea paratzen dut eta gustatzen zait, baina musikaz gozatu nahi badut ez dut hori entzuten». Isidoro Fagoagaren omenaldia antolatzen aritzeak «bertzeen artean, Wagner eta bere operak deskubritzea suposatu dit. Ez dira Verdirenak edo Mozart batenak bezain atseginak entzuteko, luzeagoak eta gogorragoak dira, baina tira! Momentuz, ariak entzuteari ekin diot».

 

Saltsa ugaritan

«Etxean diote mari-saltsera jaio nintzela eta hala izaten segitzen dudala». Bere hitzak dira. Geldirik egoten ez dakienez, saltsa mordoxketan sartzen da: «1983an Berara joandakoan, Gure Txokoa elkarteko bazkide egin nintzen eta Artea eta Kultura batzordeetan urte batzuk lanean eman ondotik, elkarteko lehen emakume lehendakaria izan nintzen». Udaleko kultura batzordean ere urte batzuk eman ditu eta egun ere partaide da. Eta iaztik Isidororen Lagunak taldean dabil. Aurten 80 urte bete dira Gernika bonbardatu zutenetik, eta bonbardaketaren berri izan zuenean, betirako kantua uztea erabaki zuen Isidoro Fagoaga Berako tenorrak. Hori gogoan, ekitaldi saila antolatu ditu Isidororen Lagunak taldeak aurten.

Bederatzi kide dira taldean: Jon Abril, Ixa Ordoñez, Marisol Taberna, Helena Santesteban, Rosa Errandonea, Juan Ignacio Oiartzabal, Arantxa Arregi, Aitor Elexpuru eta Lupe Mendigutxia. Eta horietako batzuk bertze proiektuetan ibilitakoak dira: «2013an 200 urte bete ziren San Miguel zubian ingelesen eta frantsesen artean liskarra izan zela. Horren harira, lantalde bat sortu eta zubia konpontzeaz gain, zubian gertatu zena Berako herriari jakinarazteko ardura hartu zuten». 2014an, berriz, Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunak antolatu zituzten. Orduan sartu zen taldean Lupe eta barojatarrak ikastetxeetan ezagutarazteaz arduratu zen: «horretarako lan-koaderno bat egin nuen». Aldi berean, «Beran gure ondare guztia bilduko lukeen museo edo espazio bat» sortzeko ideia lantzen hasiak ziren, eta horretan ari zirela, 2016ko irailean Isidoro Fagoagaren omenaldiari heldu zioten: «Herriko Etxeak aurkeztu genion aurrekontua onartu zuen, eta bideragarria zela ikusitakoan, lanean hasi ginen».

Laguntza horri esker ekintza-programa zabala landu dute Isidororen inguruan: erakusketa, hitzaldiak, mahai-ingurua, omenaldia, antzerki musikatua... Baina oraindik gehiago egiteko asmoa dute: «programazioa bi zatitan banatu genuen: udaberrikoa eta udazkenekoa. Lehenbiziko zatian, ekintzen bidez, Isidoro ezagutaraztea zen helburu nagusia. Beran bereziki, baina baita Bortzirietan eta hedabideetan ere». Pozik sumatu dugu emaitzarekin: «bikain gainditu dugu». Udazkeneko ekitaldiak musikaren ingurukoak izanen dira. Hala, irailaren 24an Jabier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Miguel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du. Errenteriako Andra Mari abesbatzaren eskutik Faureten requiema entzuteko aukera ere izanen da. «Zoragarria izanen da», dio. Horrez gain, «Berako musikariekin egun bat antolatu nahi dugu».

 

Ondarea plazaratzeko

Isidororen inguruan egin den lanaz gain, ikerketa gehiago egin dira azken urteotan Beran: On Julio Caro Baroja, San Miguel zubia, herria ezagutarazteko egindako lanak...  Luperen irudiko, «horiek guztiak ezin dira bere horretan utzi, ezta oraindik ikertzeko ditugunak ere. Museo bat edo erakusleiho bat behar dute». Eta hori da esku artean duten bertze egitasmoetako bat. Argitu digunez, «Berako Herriko Etxeak ezin du museo bat egiteak sortuko lukeen zama ekonomikoa bere gain hartu». Hortaz Nafarroako Gobernuarekin harremanetan hasiak dira.

 

Bestak gozatzeko

Urte osoan hainbertze lan egin ondotik, Isidororen Lagunak taldeak atseden hartuko du herriko bestetan. Eta Lupek ere gozatzeko probestu nahi ditu bestak: «urte aunitz eman ditut Berako bestetako programa antolatzen». Gustuko ditu bestak, baina bereziki bezpera eta San Esteban Eguna. Bezperatik «prestaketak, txupinazoa, txupinazoaren ondotik Maite lagunaren etxean aperitiboa hartzea, erraldoi eta buru-haundiak ikustea...» atsegin ditu. Bestetako egun haundian, mezara joatea gustatzen zaio, edo berak dioen bezala, «parrokiko kontzertura joatea. Perosiren meza entzuteagatik joaten naiz, abesbatza eta kantatzera joaten den adineko jende hori aditzera». Musika Bandaren kontzertua, Gure Txokoa Dantza Taldearen saioa, eta gauez Altzateko Plazan egiten den Larraindantza ere «ez ditut galtzen». Aurten pilota partidak ikusteko sarrera ere erosi omen du.

Bestetan zerbait faltan edo soberan sumatzen ote duen galdetuta, garbi mintzatu da: «bestetako programa ona da. Musika talde hori eta ez bertzea nola ekarri den entzutea; edo nolatan ez diren su artifizialak urtero ekartzen, edo bakillak paratu edo kendu direlako kritikak egitea ez dut atsegin. Badagoelako jendea Herriko Etxeak egin duen deialdiari kasu egin eta bileretan parte hartu duena, horrek suposatzen duen dedikazio eta esfortzuarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun