Horregatik, hain zuzen, «eraso sexistak prebenitu eta hauen kontzientziazioa jendarteratzeko, eta eraso bat dagoenean erantzun antolatu bat emateko» protokoloa landu du talde feministak. Gehiago ere bai. Bestetarako egin duen protokoloarekin bat egin baitute herriko hainbat ostatuk: Auzoa, Bidaxka, Errekalde, Ikuilu, Kataku, Lixoia, Xuga eta Txoznak. Erasoa jasan duenak behar duenerako laguntzeko prest agertu dira, baita Berako Udala eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea ere. Gainera, txozna gunea eremu zaindua izendatuko dute bestetan. Goldatzekoen hitzetan, «lehentasunezkoa delako gu babestuta eta espazio eroso batean sentitzea».
Erasoak identifikatzen...
Eraso sexistak prebenitu eta horien kontrako kontzientziazioa indartzeko, informazioa zabalduko du talde feministak: Berako Oihua aldizkarian, etxez etxe diptikoa banatuz, kartelak, iragarkiak eta kantak paratuz... Baina horrez gain, eraso bat baldin badago, nola jokatu ere zehaztu du, bai jazarpena dagoen kasuetan eta bai eraso fisikoa dagoenean ere. Goldatzetik oroitarazi dutenez, «kontaktu fisikorik gabeko edozein jarrera sexista da jazarpena, gustuko ez duguna, deseroso sentiarazten gaituzten piropoak, begirada lizunak, mespretxuak, irainak...». Eraso fisikoak, berriz, «nahi ez ditugun ukituak, bortxaketak, jipoiak... dira».
Zer egin erasoa dagoenean
Erasoa jasan duenari babesa eta laguntza eskaintzeko deia luzatu dute Goldatzeko kideek eta gaineratu dutenez, «erasoa jasan duenak nahi duen bezala jokatzeko eskubidea du. Ez badu erantzunik eman nahi, bere erabakia da. Konfidentzialtasuna beti gorde behar da». Jazarpena dagoenean, erasotzaileari abisua ematea garrantzitsua da Goldatzentzat: «bere jarrera eraso sexista bat dela eta erasoa jasan duena deseroso sentitzen dela jakinarazi behar zaio eta jarrera honekin segitzen badu, kanporatua izanen dela».
Erasoa larria denean, bortxaketa kasu, Goldatzetik aipatu dute, «emakumeari beti jakinarazi behar zaiola laguntza eskatzen ahal duela 112ra deituta». Arropaz ez aldatzeko eta gorputza ez garbitzeko ere aholkatu dute. Erasoa jasan duenak erantzuna ematea eta erasoa publikoa egitea erabakiz gero, bertzeak bertze, erasotzailea eremutik kaleratu eta biharamunean kontzentrazioa eginen dute. Hori guztia, «egiturazko zapalkuntzei aurre eginen dien besta eredua sustatzeko. Bestak ongi pasatzeko direlako. Denon artean denontzako bestak egin ditzagun».