Kontrabandoari buruzko gaueko ibilaldiak eskaintzen dituzte Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 28a, 12:57

Xanti Elizagoienek eskaintzen ditu gaueko ibilaldiak, kontrabandisten bideetatik barna.

Uztaileko eta abuztuko larunbatetan, Santiago Elizagoienen eskutik

Etxalar herria, inguruko mugako bertze hainbat herri bezala, kontrabandorako leku egokia izan zen 1940 eta 1970. urteen artean. Biztanle aunitzek gurutzatzen zuten muga, prezio desberdintasun haundia zuten edo bertze aldean ez zeuden edo debekatuak zeuden merkantziekin. Gauez ibiltzen ziren, aduanetako zergak ordaindu behar ez izateko. Garai hartan alternatiba errentagarri bakarra zen, izan ere ez baitzen lanik eta baserria ez zen nahiko izaten gehienetan. Kontrabandoa ez zegoen gaizki ikusia, alderantziz, mundu guztiak zekien nor ibiltzen zen kontrabandoan eta ahal zuten guztian laguntzen zuten.

 

 

Santiago Elizagoien 16 urterekin hasi zen kontrabandoan eta abentura aunitz bizi izan ditu muga inguruko bidaxketan. Egunez baserrian aritzen zen eta gauez berriz “gau lanean”. Kontatzen dituen pasadizoen artean gehien gustatzen zaiona, guardiengana mozorrotua joaten zenekoa da, bestaren aitzakian, informazioa lortzeko egiten zuena eta bertze guardia baten kapa ukituz eskapatu zirenekoaz ere oroitzen da…bertze hainbat bizipenen artean.

Gaur egun erretiratua dago, baina baserriarekin jarraitzen du eta Etxalarko Tompalenea aterpearen jabea da. Aterpe hau “Kontrabandisten bidea” ibilbidearen parte da. KB, oinez zein bizikletaz egin daitekeen ibilbide zirkularra da, 176km. ditu eta bere garaian kontrabandistek erabiltzen zituzten Baztan-Bidasoako bidaxketan barna doa. 7 etapetan banatzen da eta “kontrabandistentzako” prestatuak dauden alojamendu sare bati esker dago martxan (Informazio gehiago www.kontrabandistak.com). Sare honek urtero gauezko ibilbide bat antolatzen du eta bertan kontrabandista izandako hainbat pertsonek bere bizipenak kontatzen dituzte. Santiago hauetako bat da.

Esperientzia honi esker, aurreko urtean, udan ere kontrabandoaren inguruko gaueko ibilbideak eskaintzera animatu zen, turisten etorrera handiagoa aprobetxatuz eta aurten ere, uztaila eta abuztuko larunbat guztietan dago aukera bisita hau egiteko. 8 km. inguruko oinezko ibilbide bat da, 3 ordu inguruko iraupena du eta gaueko 9tan ateratzen da Etxalarko plazatik. Bisitaren prezioa 8 eurokoa da. Buruko argia eta mendiko botak eraman behar dira. Ibilbidean zehar, kontrabandorako erabiltzen zituen bidaxketatik igarotzen da Xanti eta geldialdi batzuk egiten ditu leku horietan bizitakoa kontatzeko.

Bisita hauek, “Baztan-Bidasoa Turismoa” elkargoak antolatzen dituen bisita gidatuen artean daude (www.baztan-bidasoa.com) eta honegatik, elkargoko bazkide diren alojamenduetako bezeroek, deskontu bat lortu dezakete kontrabandoaren inguruko bisita honetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun