Lesakako XIV. Rallysprinta uztailaren 22an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 20a, 11:34
Joseba Beola eta Joxelu Iratzokiren Lancer Evo X autoa izanen da faborito AgiƱako proban.

Larunbat goizean ibilgailuak ikusteko aukera izanen da frontoiko aparkalekuan eta 13:00etan abiatuko da lehen partehartzailea Agiñako bidean

Larunbat honetan, uztailak 22, eginen da Lesakako hamalaugarren Rallysprint auto lasterketa, Agiñako errepidean. Ilargi Sport eskuderiak, Nafarroako Automobilismo Federazioarekin batera antolatutako rallya asfalto gaineko Nafarroako asfalto gaineko Rally txapelketarako, Nafarroako Junior Sariketarako eta Errioxako Rally txapelketarako ere baliagarria izanen da. 53 auto espero dituzte Lesakan.

 

Agiñako errepideko 6,100 eta 15,400 kilometroen artean eginen da auto lasterketa.

Dena den, aitzinetik zenbait kontrol gainditu beharko dituzte autoek. Goizeko 8:00etatik 11:00eara egiaztapen administratiboak eginen dituzte Kasino jatetxean eta 11:30ean hasita egiaztapen teknikoak eginen dituzte Plaza Zaharrean. Ibilgailuen aurkezpena frontoi gibeleko aparkalekuan eginen dute.

Partehartzaileek 9 kilometro eta 300 metroko lau txanda egin beharko dituzte, 6,1 kilometro horretatik San Antonerako tartean, bi joan-etorri eginez (37,2 km denera).

Lehenbiziko partehartzailea 12:15ean abiatuko da aparkalekutik irteera puntura eta 13:00etan abiatuko da lasterketa. Proba bukatutakoan Kasinon argitaratuko dira emaitzak eta 19:30ean hasita eginen dute sari banaketa Plaza Zaharrean.

 

Joseba Beola bigarren garaipenaren bila

Joseba Beola gidari beratarra da larunbatean denboraldiko bigarren garaipena lortzeko faborito nagusia, Igantziko Joxelu Iratzoki kopiloto duela. Euri aurreikuspena dago larunbaterako, baina hori ez dela arazoa izanen dio Berako gidariak: «2016an ere busti ginen, baina larunbatean euri pixar bat bertzerik ez duela eginen iragarria dago. Guretzat ez da arazoa izanen, baina egia da jende guttiago hurbiltzen dela eta ikuskizunak distira galtzen duela». Bigarren urtea du auto berarekin eta «aldaketa batzuk eginda gero, errendimenduarekin kontent» daudela aipatu digu Beolak: «Halere, kilometro gehiago egin beharra daukagu erritmoa hartzeko. Maila hobetuko dugu, probak pasatzen diren neurrian».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun