‘Harritik hazia’ herri-antzerkia eskainiko dute Beran uztailaren 21, 22 eta 23an

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 19a, 08:55

Urte osoko lana hiru egunez taularatuko dute Berako Kultur Etxean.

Arte adierazpenaren bidez oroimena lantzeko helburuarekin urtebeteko lana taularatuko dute Kultur Etxean hiru egunez 

Oroimen historikoan oinarritutako herri-antzerkia lantzen ari dira Bera joan den urteko ekainetik hasita. Lan horren emaitza, ‘Harritik hazia’ antzezlana eskainiko dute uztailaren 21, 22 eta 23an, ortzirale, larunbatata eta igande arratsaldeko 8etan Berako Kultur Etxean eginen dituzten emanaldietan.

 

Sarrera 10 eurotan eskura daiteke, baina sarrera eskuratzaz gain, proiekturako laguntza ekonomikoa eskaintzeko 20 euroko txartela ere bada. Azken honen truke, sarrerarekin batera, Maddi Irazokiren grabatua ere jasoko dute erosleek. Berako Turismo Bulegoan (Eztegara pasealekua, 11) eta internet bidez, bibe.me plataforman eskura daitezke sarrerak.

Berako Udalak, Berako Kultura Batzordeak, Berako Euskara Batzordeak, Uhartean antzerki eskolak eta Oroimenak antolatu dituzte antzerki-emanaldiak. 

Berako Euskara eta Kultura Batzordeek bultzatuta, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen adostasunarekin, Oroit(h)arri antzerki tailerra 2016ko ekainaren 9an hasi zen lanean eta urtebetean etengabe bildu dira eta sormen prozesu aberatsa garatu dute eta horren ondorioz, “harreman sendoetan oinarritutako talde trinko bat” dutela aipatu digu Ramon Albistur zuzendariak.

Talde horretan, aktore eta aktore musikariak Axuri Zapiain, Ainara Maya, Aitziber Almandoz, Araitz Bizkai, Arantza Zubieta, Ekhiñe Zapiain, Eneritz Zapiain, Eugenia Arriola, Kemen Ruiz, Jerardo Ros, Lizar Elexpuru, Maddi Irazoki, Manex Zapiain, Nagore Orbeltzu eta Oihane Zelaieta dira. Zuzendaritza artistikoari dagokionez, Esther Carrizo (adierazpen lana), Ramon Albistur (gidoia eta eszenan jartzea), Araitz Bizkai (musika sortzaile eta zuzendaria), Nagore Orbeltzu (koreografia) eta Maddi Irazoki (lan plastiko eta afitxa) ari dira. Irudi- eta bideo-lanak Katubiko Oier Fuentes eta Monika Agirreren esku daude

Egitasmoaren “harri batez… herri bat” logoa erabili dute lanari izenburua jartzeko. Hain zuzen,  antzezlanaren testua idatzi duen Mikel Taberna idazleak egin zuen proposamena: ‘Harri’ hitzak, ‘ar’ duela bere baitan. «Beraz, ideia lizateke harritik, arren historia zurrunetik, eme hazi bat ateratzea, bertzelako bizi-proposamen baterako hazia… Eme+Hazi». Maddi Irazoki hasi zen ideia horren inguruan lan grafikoa sortzen. Azkenean, Harritik hazia izenburua iduritu zitzaien argiena eta, denek adostuta, hala jartzea erabaki zuten. Ramon Albisturrek jakinarazi digunez, «Berako harrobian jende inozenteen odola isuri arazi zuten matxinatuen tropek fusilamenduekin… eta imajinatzen ahal dugu odol gorri horrek harriak tindatuz eta blaituz mundu amestu baten hazia garaztatu duela».

 

Sinopsia

Adin ezberdineko antzerkilarien talde batek 1936an Beran gertatutakoaz antzezlan prestatu dute gerrari buruz gogoetak probokatuz. 1936ko uztailaren 19an armada golpista Bortzirietan sartu zen, Irungo biderantz segitzeko asmoz. Baina erresistentzia errepublikanoak Endarlatsako zubia suntsitu zuen, faxisten martxa oztopatuz. Hauek, errepresalian, Berako errepublikaren aldekoen emazte eta seme-alabak atxilotu eta herio mehatxupean herritik kanpora joatera behartu zituzten. Orduan, gertaera horiek antzezterakoan, «non ote da emakumeen historia» galdera egin du antzezlan taldeak eta emakumearen egoerari eta bizi nahi dugun munduari buruzko gogoeta aktiboa piztu du galderak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun