Bestabusa martxan izanen da Lesakako Sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 5a, 07:18

Asteburuan eskainiko du zerbitzua eta 5 euro gostako da joan etorria

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Bestabusa zerbitzua izanen da bortz herrietako bestetan. Lehen zerbitzuak Lesakako Sanferminetan eskainiko ditu uztailaren 7an eta 8an ortziral eta larunbatean. Berrikuntza nagusia, itzulerako autobusa herri-sarrerako errotondan (Tomasenekobordan) hartu beharko dela, eta ez su-hiltzaileen parkean.

Lesakara joateko, Arantzako aparkalekutik 21:45ean abiatuko da lehen autobusa eta 23:30ean bigarrena; Igantziko Bi-bidetik 22:00etan eta 23:45ean pasako da; Etxalarko Landaburuatik 22:15ean eta 00:00etan; eta Beratik (Toki-Ona eta Agerratik) 22:30an, 23:30ean eta 00:30ean.

 

Itzulerakoak herri-sarrerako errotondan hartu beharko da

Itzulerakoak Lesakako sarrerako errotondatik aterako dira (eta ez su-hiltzaileen parke ondotik, orain arte bezala), 03:30ean eta 06:30ean Etxalar, Igantzi eta Arantzara joateko eta 03:30ean, 04:30ean, 06:00etan eta 07:00etan Berara. Joan-etorria 5 euro kostako da.

Bestabusa parranda egiten duenak trafiko arriskuak izateko aukera gutxiagotzeko zerbitzua da, hala ere aukera hau aprobetxatu nahi dute Gizarte zerbitzutik, kontsumoaren inguruko hausnarketa eginarazteko bai alkohola, tabakoa edo bertze sustantzien inguruan: «Ongi pasa pasatu gabe! Bakoitzak bere erabakia har dezala eta bertzeena errespetatu!!».

Bortzirietako gainontzeko herrietako bestetan ere izanen da ere Bestabusa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun