HELBURUAK
Bi helburu nagusi dituzte txozna gunean «batetik, herriari beren ekarpena egiten dioten talde eta eragileentzako diru-iturri bat izatea». Sanferminetan aterako den diruarekin, «Buruztanka Gaztetxeko lanak edota Gure Esku Dagok Bortzirietan egin berri duen galdeketa» finantzatuko dira, adibidez. Bertzetik, herriari besta gune alternatibo oso bat eskaintzea, herrian dagoenari deus kendu gabe bertze zerbait gehituko diona, positiboan».
Pasa den urtean lehenbiziko aldiz karpa bat paratu zuten txozna-gunean: «ikusten genuen txozna solteek asteburuetan ongi funtzionatzen bazuten ere, aste barreneko egunetan hagitz triste gelditzen zela txozna-gunea. Lesakarrek Sanferminetako egun guzietan gozatzeko moduko besta eremu alternatibo bat nahi genuen eta hor ateri zen karparen ideia». Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, errepikatzeko asmoa dute: «aski kontent gelditu ginen. Izan ere, muntatzen duguna ez da karpa soil bat, besta eremu oso bat baizik: badu bere eszenatokia, bestarako argiak, dekorazioa... karpak elementu guzi horiek babestu eta gune bakarrean kokatzen laguntzen digu». Honek guziak jendea biltzea ahalbidetzen duela uste du eta ondorioz, «aste barreneko egunetan ere sekulako giroa izaten da».
EGITARAU BEREZIA
Bestarako tokia soilik ez, egitarau berezia ere prest dute eta denetarik dago: «Fermintxo Rock jaialdia antolatu dugu uztailaren 6an, asteburuko arratsetan kalitatezko DJ desberdinak izanen ditugu, kontzertu akustikoak ere bai, La Pollako kide ohi batzuek ere eskainiko dute emanaldi bat... hori musika aldetik, baina horrez gain, kamiseta tailerra, mural herrikoia...». Ekitaldi guztiak garrantzitsuak direla aipatu du, baina bat azpimarratzekotan, «Fermintxo Rock jaialdia» aipatuko luke «garrantzia berezia eman diogu. Pasa den urtean, karparen egitarauari buruz mintzatzen ari ginela, garrantzitsua iruditu zitzaigun rock jaialdi bat antolatzea, ikusirik programa ofizialak ez duela halakorik eskaintzen». Fermintxo Rock «musika jaialdi sendo eta iraunkor bat izatea» nahi dutela ere gaineratu du, «urtero Sanferminetako karpan antolatuko dena».
Txoznen inguruan sortzen den giro bereziaz ere egin du aipamena, «giro desberdina izaten da, bertze musika batek ere laguntzen duelako kontrapuntu hori ematen, baita bultzatzen ditugun balioek ere». Ez da atzendu behar, «errespetuan eta elkarlanean oinarrituriko gune bat dela, eta beraz, sexu erasoei aurre egiteko plan bat ere badugula».
Uztailaren 6an, goizeko 10etan irekiko dituzte txosnak. Hori posible izateko, baina, herritarren borondatea ezinbertzekoa izan da «eskerrak eman nahi dizkiegu. Beraiek gabe ez bailitzateke deus posible izanen. Animatu nahi ditugu aurten ere beraien ekarpentxoa egitera. Denok gonbidatuta zaudete!»