Laneko heriotzak ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitu du LABek

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 3a, 08:27

Ekainaren 21ean, Lesakako mendietan zuhaitzak botatzen ari zela hildako Doneztebeko langilearen heriotza salatu du

Joan den ekainaren 21ean, Lesakako mendietan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 57 urteko Doneztebeko langile bat hil zen. Laneko heriotzak ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitu du LAB sindikatuak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere babesa adierazi nahi izan die hildakoaren lankide, senide eta ingurukoei. Azken honekin, 32 dira Euskal Herrian 2017an euren lanpostuetan hildako langileak, hauetako 6 Nafarroan.

Heriotza honen arrazoia, LABen arabera, “ordu luzez 36º inguru egiten zuen bitartean lan egin izana da. Ez dugu ahantzi behar uda hasiera honetan arrazoi honengatik hiltzen den bigarren langilea dela, eta holako egoerei konponbide bat ez badiegu jartzen ez direla kasu bakarrak izanen, horrelako tenperaturarekin kanpoan lan egiterakoan araututakoaren inguruan nabarmena baita hutsunea”.

Horregatik LABek kasu hau salatu nahi du eta egoera hau ez errepikatzeko bitartekoak ezartzea exijitu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun