“Harritik hazia” herri-antzerkirako sarrerak salgai jarri dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 29a, 06:51

20 euroko sarrera-laguntza erosten duenak Maddi Irazokiren grabatua izanen du opari.

Uztailaren 15a bitarte 8 euro kostako da, baina proiektua laguntza eskaintzeko 20 euroko sarrera ere bada eta trukean Maddi Irazokiren grabatua jasoko du erosleak 

Oroimen historikoan oinarritutako “Harritik hazia” herri-antzerkia eskainiko dute Beran uztailaren 21, 22 eta 23an. Hiru emanaldiak 20:00etan izanen dira Kultur Etxean eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

 

Sarrera eskuratzeko eta ordaintzeko hiru aukera daude. Uztailaren 15era bitarte, aitzinetik erosita 8 euro kostako da; hortik aitzinera 10 euro kostako da; eta, azkenik, sarrera eskuratzaz gain, proiekturako laguntza ekonomikoa eskaintzeko 20 euroko txartela ere bada. Azken honen truke, sarrerarekin batera, Maddi Irazokiren grabatua ere jasoko dute erosleek. Berako Turismo Bulegoan (Eztegara pasealekua, 11) eta internet bidez, bibe.me plataforman eskura daitezke sarrerak.

Berako Udalak, Berako Kultura Batzordeak, Berako Euskara Batzordeak, Uhartean antzerki eskolak eta Oroimenak antolatu dituzte antzerki-emanaldiak.

 

Sinopsia

Adin ezberdineko antzerkilarien talde batek 1936an Beran gertatutakoaz antzezlan bat prestatu du, gerrari buruz gogoetak probokatu nahian. 1936.07.21ean armada golpista Bortzirietan sartu zen, Irun aldera segitzeko asmoz. Baina erresistentzia errepublikanoak Endarlatsako zubia suntsitu eta faxixten martxa oztopatu zuen. Hauek, errepresalia gisara, Errepublikaren aldeko beratarren emazte eta seme-alabak atxilotu eta herio mehatxupean herritik kanpora joatera obligarazi zituzten. Orduan, taldeak “non ote da emakumeen historia?” galdera egin du. Galderak, antzezlana baldintzatuz, gerra eta emakumeen egoera adieraztera eramanen du, bizi nahi dugun munduari buruzko gogoeta sortaraziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun