‘160 urtez’ lehen diskoa atera du Lesakako Musika Bandak

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 28a, 07:23

Herriko 15 pieza bildu ditu Lesakako Musika Bandak diskoan, tartean Sanferminetan jotzen direnak.

Ekainaren 30ean, ortziralean 22:00etan aurkeztuko du Onin erreka gainean herriko ‘soinu-bandako’ 15 kantu biltzen dituen lana 

160 urte ondoren bere lehen diskoa karrikaratu du herriko Musika bandak. Hain zuzen, 160 urte bete dira Nafarroako musika bandarik zaharrena dena sortu zenetik eta nolabait, ibilbide hori herriko soinu-banda izan daitekeen lan honetan bildu du ‘160 urtez Lesakako Musika banda’ diskoan, 15 kanturekin. 

 

 

Tartean daude Napoleones, Zako Zahar Plus Ultra, Mozkorrenborda, Beti Gazteren himnoa, Iria, Lesakako peñak, Txakaingo jeitsieraren zortzikoa…. Abesbatzaren, eskola eta ikastolako ikasleen edo Beti Gazteko jokalarien kolaborazioa izan dute grabatzerakoan, bertzeak bertze.

Disko hori 12 eurotan jarriko dute salgai eta aurkezpena, Sanferminen aitzineko ohiko emanaldian eginen du Lesakako musika bandak. Hain zuzen, ekainaren 30ean, ortziralean 22:00etan Onin zubiaren gainean eskainiko du kontzertua, doan. Euria eginen balu, frontoian eginen litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun