Merkatuko afariko kideek piztu dute Lesakan San Juan bezperako sua

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 26a, 09:12
Merkatuko afariko kideek piztu zuten San Juan bezperako sua Lesakan.

Balkoi loredunen lehiaketako lehen saria Fernanda Anduezak eskuratu du

Ohiturari eutsiz, Lesakako Euskara Batzordeak hainbat ekitaldi prestatu zituen San Juan bezperarako, aurtengoan, Sua, ura, euskara goiburupean. Ekainaren 23an, ortzirale arratsaldean musika, bertsoak, dantza, adierazpenaren irakurketa eta herri-afaria izan zituzten.

 

Ortzirale arratsaldeko ospakizunak hasteko, herriko musikari eta abeslari gazteek osatzen duten Trikigiro taldea kantari. Ondotik ekitaldia izan zen plazan. Lesakako Euskara Batzordearen izenean adierazpena irakurri zuen, ondotik Trikigiro taldeak ‘Biziberrituz euskara” kantatu zuten. Bortzirietako Bertso Eskolaren saioaren ondotik, sua piztu zuten Merkatuko afariko kideek. Joxe Mitxelena ‘Pikukoborda’ arduratu zen plazako su handiena pizteaz, eta Tomas Rekondo su ttikiagoaz. Beraiekin batera, Patxi Ubiria ‘Irunborda’, Narciso Etxegarai, Pascual Mutuberria, Rufino Zubieta, Juan Irazoki ‘Latasa’, Jose Luis Portu, Rafael Eneterreaga, Candido Mutuberria eta Manuel Almandozek osatzen dute gaur egun Merkatuko afariko kideen taldea. Hain zuzen, Lesakan mendeetan zehar merkatu eguna egiten zen hamabortzetik, ortzegunean; adin bat dutenek oroituko dira oraindik ere; izan ere, urte batzuk badira desagertu zela ohitura hori, baina ez hainbertze. Merkatuko salerosketa kontua desagertuagatik, eguneko ospakizun guztiak ez dira horrekin batera galdu: lagun talde bat egun horretako oroitzapenari kontu nahian hamabortzetik elkartzen da mahai baten inguruan eta mahai bueltan berendu afaria egiten segitzen dute, garai batean bezala: mahai bueltan, deskantsu ederrean, elkarri begiratuz solasean (inongo tresna arrotzik gabe), kontu kontari eta bertso zaharrak eta berriak abestuz.

 

Balkoi loredunen lehiaketa

Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, Lesakako udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz laugarren urtez Balkoi loredunen lehiaketa antolatu du ekainean eta plazako ekialdia aprobetxatu zuten sari banaketa egiteko.

Lehenbiziko saria (200 euro), Fernanda Anduezak jaso zuen; bigarren saria, 150 euro Maria Angeles Etxeparek (Laiene eta Iraia Mutuberria Sanjurjo bilobek jaso zuten) eta hirugarren saria (100 euro) Juan Ignacio Etxeparek. 

Gero, ezpata-dantzari taldeko neska-mutilek beraien saioa eskaini zuten, Sanferminetarako entsaio moduan eta gero herri-afaria egin zen plaza inguruan Gau magikoa borobiltzeko, dantzaldia izan zen Oharkabe taldearekin.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun