Irekiera ordutegiari dagokionez, erremontea edo monitorea behar duten jardueretakoa 10:00etatik 19:00etara izanen da, baina bertze ekitaldiak eta ostatua ere gauera arte egonen dira irekiak.
Jarduera berriak
Hiru ibilbide interaktibo berri jarri dituzte martxan. Zentzumenen ibilbidean, bisitariak zentzumen guztiak erabiliko ditu naturarekin harremanatzeko. Ibilbide mitologikoan, basoko zuhaitzen artean euskal mitologiako pertsonaiak topatu eta bereaien kondairak ikasteko aukera izanen dute haur nahiz helduek. Naturaren ibilbidean animaliak eta landareak dira protagonista.
Bertzalde, Jolastokian 2 eta 7 urte arteko haurrendako Txikipark bat egokitu da, monitoreekin, haurrek jostatzen duten bitartean, handiagoek aktibitate ezberdinak egin ditzaten.
San Juan bestak
Azken urteetan bezala, ekainaren 23 eta 25 bitarte San Juan bestak ere ospatuko dituzte Irrisarrin. San Juan Xar ere parketik aski hurbil dago eta egun horretan aunitz izanen dira ermitara eta iturrietara hurbilduko direnak.