Arantzako bestetako programaren azalerako lehiaketa antolatu du Kultura Batzordeak haurrentzako

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 15a, 08:39

Lehen aldiz, Arantzako bestetako programaren azalerako lanau aurkez ditzakete herriko neska-mutikoek. Besta giroa erakutsi beharko dute.

Lanak uztailaren 3a baino lehen aurkeztu beharko dituzte

Aurten lehenbiziko aldiz, Arantzako bestetako programaren azala edo portada herriko­ haurren batek egina izanen da, Udaleko Kultura Batzordeak haurrei zuzendutako azal lehiaketa antolatu baitu. 

 

Arantzako eskolan ari diren ikasleek parte hartzen ahal izanen dute, 6 urtetik 14 urtera bitartekoek eta bakoitzak nahi adina lan aurkezten ahal izanen ditu. Kolorezkoak izan behar dute eta paperean aurkeztuko dira, kartulinan edo paper lodian. Horrez gain, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.

Nahitaez testu hau agertu beharko da: Arantzako bestak 2017. Abuztuaren 14tik 17ra. Gaia, estiloa eta teknika libreak izanen dira, betiere, Arantzako besta giroa erakusten badute.

Lanak sobre batean sartuak Herriko Etxean aurkeztu beharko dira, uztailaren 3ko 13:00 baino lehen. Sobre honek eta lanak izenburu bat izanen dute, eta sobrean adierazi beharko da izen hori. Sobre horren barrenean, bertze sobre ttiki bat sartu beharko da, itxia, eta hor lana egin duen­ haurraren izen-abizenak, helbidea eta telefonoa idatzi beharko dira.

Kultura Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak aukeratuko du lan sari­tua eta programako azalean agertzeaz gain, saria izanen du. Aurkeztutako lanak Udalaren esku geldituko­ dira eta horiekin erakusketa eginen da bestetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun