‘Azken saskia’ dokumentala Errusian ikusgai izan da

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 14a, 14:57
Jesus Mari Sein, Igantziko azken saskigilearen historia kontatzen du dokumentalak.

Nazioarteko ekologia telebista jaialdiko sail ofizialean parte  hartu du Khanty-Mansiysk hirian

New York, London, Paris, Quèbec eta hamaika herri eta festibaletan proiektatu ondoren, Errusiako Khanty-Mansiysk hirian ospatu berri den Спасти и сохранить (To save and preserve) nazioarteko ekologia telebista jaialdiko sail ofizialean parte hartzeko aukera izan du Katubi ikus-entzunezkoak&komunikazio artisauak ekoiztutako Azken Saskia lan dokumental laburrak.

 

Horrela, Jesus Mari Sein igantziarra eta bere Azken Saskiak munduan zehar bidaiatzen jarraitzen du, saskigintza, naturarekin dugun harremana eta gure herriaren jakituria eta kultura erakutsiz.

 

Azken saskia

AZKEN SASKIAn, Jesus Mari Seinen historia kontatzen da. Jesus Mari Sein Igantziko azken saskigilea izateaz gain, gaztainarekin saskiak lehengo eran egiten dituen azken nafarra da. Ikus-entzunezko honetan bere ofizioa eta bizitzaren errepaso bat egiten da, eta bere azken saskia egiten ikusten da, ogibide honen desagerpenaren arrazoien inguruko hausnarketa bultzatuz: «Gaur egungo gizarteak, kontsumoohiturek eta industrializazio mailak talka egiten dute Jesus Mari bezalako artisauekin. Gutti dira, apenas gelditzen dira gure inguruan, eta haiek naturarekin gordetako harremana, mundua ulertu eta sentitzeko modua desagertuz doa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun