Baso erronkak Bidasoan jardunaldia antolatu du Foresna-Zurgaiak ekainaren 16an Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 13a, 11:06

Bidasoaldeko basoen kudeaketaz hausnartuko dute ortzirale arratsaldean Lesakan.

Ortzirale arratsaldeko 4etatik aitzinera Harriondoa Kultur Etxean

Foresna Zurgaia Nafarroako Baso Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta, ‘Baso erronkak Bidasoan’ jardunaldia eginen dute ekainaren 16an, ortzirale arratsaldean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Aforoarengatik, aitzinetik apuntatzea ezinbertzekoa da, 948 151501 telefonora deituz edo foresna@foresna.org helbidera idatziz.

 

Kudeatzeko gero eta zailagoa den lurraren zaindariak dira baso jabeak eta guztiz beharrezkoa da horregatik baso eta tokiko jendearentzat bertze aukerak bilatzea, haien etorkizun fisikoa, izaki eta gizartearen bilakaera honen esku baitago.

 

Egitaraua

Egitarauari dagokionez, ortziralean 16:00etatik 16:15era, Fermin Olabek, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuko zuzendariak, hasiera emanen dio jardunaldiari. 16.15etik 16:35era baso kudeaketa iraunkorra, erabilera bateragarriak eta basoberritzeak gaien inguruan ariko da Iñigo Villanueva, Nafarroako Gobernuko baso kudeatzailea. 16:35etik 16:55era, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak ‘Errealitatea Bidasoan, basogintza toki erakundeen baliabide eta mendi kotserbaziorako. Hitzarmenak’ solasaldia eskainiko du. 16:55etik 17:15era, Basarteako Enrique Monterok ‘Insignis pinua Bidasoan azken 10 urtetan, garatutako proposamen eta ekintzak, etorkizuneko aukerak’ solasaldia eskainiko du. Hogei minutuko atsedenaldiaren ondotik, 17:35etik 17:55era Maderas Larretako Santos Casajusek basojabe eta ustiatzailearen ikuspuntua eskainiko du, 17:55etik 18:15era, Maderas Irigoyeneko Alberto Irigoyenek tokiko industriaren ikuspuntua eta 18:15etik 18:35era Madergiako Oscar Landak nazioarteko industriaren ikuspuntua. Jardunaldia bukatzeko, 18:35etik 19:15era eztabaidaren tartea irekiko da. Foresna-Zurgaiako Juan Miguel Villarroel izanen da moderatzailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun