Lesakako Musika Bandak ezusteko omenaldi hunkigarria eskaini dio Tomas Rekondori

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 12a, 08:34
Tomas Rekondo, Lesakako Musika banda eta erremontelariak inguruan dituela, plazan. Argazkia: Rafael Eneterreaga

65 urtez klarinetea jotzen ibili ondotik joan den urteko Sanferminetan utzi zion jotzeari, baina banda kideek ez daukate ahazteko

Omenaldi ezustekoa eta hunkigarria eskaini zion ekainaren 10ean Lesakako Musika bandak Tomas Rekondo Anduezari, orain arte zuen taldekide zaharrenari. 65 urte eman ditu klarinetea jotzen eta joan den urteko Sanferminetan erabaki zuen uztea. Baina musika bandak ez dauka ahazteko Rekondo eta sorpresa ederra eman zion larunbatean, berak deus ez zekiela.

 

Izan ere, larunbat goizean erremontean ikasteko tailer bat eta profesionalen arteko partida bat iragarria zegoen udal pilotalekuan. Rekondo erremontezalea da eta Koteto Ezkurra du lagun handia eta idoloa. Ezkurra eta Barrenetxea IV, Zeberio eta Ionen kontrako partidan gorriak 23-18 irabazten ari zirela sartu zen udal musika banda pilotalekuan eta Rekondoren harridurarako, kantxa erdira deitu zuen Mikel Iriarte zuzendariak. Bertan, aurreskua dantzatu zioten, Koteto Ezkurrak berak sinatutako erremontea eskaini zion eta klarinete dotore bat oparitu zioten berekin batera musika-tresna hori jotzen dutenek eta musika bandarekin batera kalejiran atera zen Rekondo bera, klarinete hori estreinatuz. Baina plazara ailegatutakoan, Rekondoren etxe atarian kontzertu bat eskaini zuten taldekideek, Rekondoren gustukoak ziren garai bateko piezekin.

Behin kontzertua bukatuta, Mikel Iriarte zuzendariak eta Rekondok utzi ondotik bandak gelditzen den taldekide zaharrenak, Juanito Ordoki ‘Gaxtelu’k, bertze oroigarri dotore bat eman zioten Rekondor eta lore-xorta Mari Carmen emazteari. Alaitz Rekondo alaba ere bertso kantari aritu zitzaion etxeko balkoitik. Ekitaldia bukatzeko, erremontelariek, musika bandak eta Rekondok eta bere familiak Kasinon bazkaldu zuten.

Tomas Rekondok klarinetea utzi du, bai, baina biharamun goizean txistulari taldearekin batera zintzo bete zuen Karrikabuelta.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun