Bergarako Ricardo Azkargorta nagusitu da Lesakako V. Margo Azkarreko lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 6a, 10:34

Ricardo Azkargortaren lan honek irabazi zuen lehen saria.

25 margolari helduk eta zenbait haurrek parte hartu zuten bosgarren edizioan

Elias Garralda zenaren omenez Beti Gazte elkarteak, Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz bosgarren urtez antolatutako margoketa azkarreko lehiaketa egin zen ekainaren 5ean Lesakan. 25 margolarik parte hartu zuten helduen lehiaketan eta bertze zenbait haur ere karrikaz karrika hedatu ziren, beraien margolanak egiteko.

Margolanak entregatu ondotik, beraien margolanak ikusteko aukera izan zen Alondegiko arkupetan. Arratsaldean banatu zituzten sariak Ana Irastorza, Lesakako Zerbitzuen Elkarteko ordezkariak eta Jesus Mari Zapirain, Beti Gazteko ordezkariak.

Umeen artean, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleen artean, lehen saria Jon Semper Irastorzarentzat izan zen eta bigarrena Unai Aranguren Mutuberriarentzat. LHko 3. eta 4. mailako ikasleen artean, Ainize Martinez Olazabalek eraman zuen lehen saria eta Amaiur Martinez Olazabal ahizpa bixkiak bigarrena. LHko bosgarren eta seigarren mailakoen artean, lehen Zuriñe Yuste Piak eskuratu zuen.

Helduen artean, berriz, 500 euroko lehen saria Bergarako (Gipuzkoa) Ricardo Azkargortak eskuratu zuen eta 300 euroko bigarren saria Iruñeko Mikel Cazañak. Herriko margolariek egindako margolan onenari emandako 150 euroko saria, Javier Fagoaga Yancik eskuratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun