Euskadiko eta Espainiako txapeldun suertatu da Itsaso Fagoaga lesakarra Skeet Olinpikoan

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 2a, 16:02

Itsaso Fagoagak garaipenaren bidetik segitzen du.

Maiatzean Presidentearen Kopa ere irabazi du

Maiatz emankorra izan da Itsaso Fagoaga lesakarrarentzat. Skeet olinpikoan segitzen du tiratzen, nahiz eta lan kontuengatik, zailagoa izan konpetizioaren erritmoari eustea. Halere, maiatzean, Espainiako Presidente Kopa Valladoliden, Euskadiko txapelketa Irunen eta Espainiako txapelketa Madrilgo Pinton irabaztea lortu du.

 

Maiatzaren 6an Espainiako Presidente Kopa izan zuen Valladoliden eta txapeldun izatea lortu zuen. «Niretzat aurtengo lehenengo txapelketa nazionala izan zen; aurretik Erregearen Kopa ospatu zen Madrilen baina lanagatik ezin izan nuen joan», aipatu digu Fagoagak. Horren ondotik, maiatzaten 14an Euskadiko txapelketa izan zen Irungo San Martzial tiro zelaian. Bertan, nesken kategorian txapeldun izan zen Itsaso Fagoaga eta kategoria orokorrean (emakume eta gizonezkoak kontuan hartuta) hirugarren izan zen 75tik 65 platez puskatuz. Azkenik, joan den asteburuan, maiatzaren 27an, Espainiako txapelketa izan zuen Madrilgo Pinto tiro zelaian. 75 plateretatik 66 puskatu ondotik txapeldun suertatu zen bertan ere. Itsaso Fagoagaren erranetan, «aurten lanagatik konplikatuagoa izaten ari da alde batetik entrenatzea eta bertzetik txapelketa guztietan parte hartzea. Tuteran lanean ari naiz eta hemen ez dago entrenatzeko lekurik; horregatik ezin izan dut nahi adina entrenatu. Hala ere emaitzekin hagitz kontent nago, ez baitut erritmoa galdu eta espero dut abuztuan gelditzen zaidan txapelketa ere hauek bezain ongi ateratzea».

 

Aitzinetik Nafarroan

Apirilaren 30ean Nafarroako Txapelketaren bigarrez zatian ere parte hartu zuen Itsaso Fagoagak Elizondoko Bagordi tiro zelaian. Bertan irabazle suertatu zen, baina lehen zatian lanarengatik parte hartzerik izan ez zuenez, aurten ezin izan du Nafarroako txapeldun orokorra izan. Hala ere txapela zonaldean gelditu da, Oronoz-Mugairiko Santi Esarte izan baita Nafarroako txapeldun, bi zatietan parte hartu ondoren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun