Beti Gazteren aste hondarrak hainbat erakargarri izanen ditu

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 1a, 07:52
Beriz ere margolariz beteko dira Lesakako karrikak igandean.

Ezagutu Dezagun Lesaka sari banaketa ortziralean, Beti Gazteren Eguna larunbatean eta Elias Garralda V. Margoketa azkarreko lehiaketa igandean

Lesakako Bet Gazte elkartearen aste hondarra izanen da ekaineko lehen asteburu hau eta ortziraletik igandera hainbat ekitaldi antolatu ditu: Ezagutu Dezagun Lesaka sari banaketa ortziralean, Beti Gazteren Eguna larunbatean eta Elias Garralda margoketa azkarreko bosgarren lehiaketa igandean.

 

Ekainaren 2an, ortziralean 19:00etan Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko zaizkie parte hartu duten neska-mutikoei.

Ekainaren 3an, larunbatean, Beti Gazteren Eguna ospatuko dute eta egun osoan hainbat ekitaldi aurreikusiak daude: 08:00etan mendi irteera Plaza Zaharretik 10:30ean hasita, kadete mailatik goitiko taldeen futbol partidak; 13:00etan poteoa Elutxa txarangarekin eta 14:30ean bazkaria Koxkonta jatetxean, nahi duen guziari irekia. Koxkontan bertan, Zialdon, Arranon eta Etxeberrian izen emateko azken eguna ekainaren 1a da (Txartela 30 eurotan). 19:00etan Argazki rallyko diplomak banatuko dituzte.

 

Elias Garralda margoketa lehiaketa igandean

Elias Garralda Margoketa azkarreko lehiaketa eta Haur Margoketaren Eguna antolatu ditu Beti Gaztek bosgarren aldiz, Lesakako Udalaren eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen laguntzaz ekainaren 4rako. Helduei dagokienez, lanak igande goizeko 8:30etik10etara zigilatuko dituzte eta 13:30 eta 14:00 artean aurkeztu elkartean.

Epaimahaiaren emaitzak arratsaldeko 6etan ezagutzera emanen dituzte Alondegiko arkupeetan eginen den erakusketan. Lehenbiziko saria 500 eurokoa izanen da eta bigarrena 300 eurokoa. Herriko margolarien artean obrarik hoberenak 150 euroko saria jasoko du.

Ttikienei dagokienez, hiru maila bereiziko dira: A maila (Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailak); B maila (LH 3-4) eta C maila (LH 5-6). Lehiaketa 11:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da eta maila bakoitzeko marrazki onenek saria izanen dute. Parte hartzaile guztiek margotzeko materialak eraman beharko dituzte eta antolakuntzak margotzeko taula emanen die eta 20 euro lana aurkeztean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun