1.447 kirolariren artean 118. postuan bukatu du Bixente Igartzabal lesakarrak Lanzaroteko Ironmana

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 30a, 10:05

Ederki ibili zen Bixente Igartzabal denboraldiko bere lehen ironmanean, Lanzaroten.

10 ordu, 45 minutu eta 51 segundo behar izan zituen bere denboraldiko lehen proba burutzeko maiatzaren 20an

Lesakako Beti Gazteko Bixente Igartzabal kirolariak parte hartu zuen maiatzaren 20an Lanzaroteko Ironmanean. 1.447 kirolarien artean 118. izan zen sailkapen orokorrean eta hamabosgarren bere adin tartean (45-49 urte).

 

Proba gogorra izan zen, haizea gehienetan kontra eta bero handia izan baitzuten kirolariek. 57 herrialdetako 1.447 kirolarik parte hartu zuten, horietatik 7 proba lehendik irabazitakoak.

Gizonezkoen proba Belgikako Bart Aernouts-ek irabazi zuen (8 ordu, 34 minutu eta 13 segundo), eta Alessandro Degasperik (Italia) eta Jesse Thomas-ek (Estatu Batuak) osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, hiru lehenbizikoak Bretainia Handiko kirolariak izan ziren: Lucy Charles (09:35:40), Corrinne Abraham eta Lucy Gossage.

Gizasemeen artean, sailkapen orokorrean 118. izan zen Beti Gazteko Bixente Igartzabal lesakarra. Bere adin tartean (45-49 urte) hamabosgarren izan zen. Marka ona egin zuen Igartzabalek denboraldiko bere lehen ironmanean, 10 ordu, 45 minutu eta 51 segundo behar izan baitzituen proba burutzeko. Hasieran 3,8 kilometro egin behar izan zituen igerian eta ordubete, 20 minutu eta 14 segundo behar izan zituen (1.072garren postua), bizikletako 180 kilometroak egiteko 5 ordu, 36 minutu eta 3 segundo (149. posturaino igoz) eta 3 ordu, 36 minutu eta 25 segundo lasterka maratoia egiteko (118. Postua).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun