Beti Gazteko mutilek Nafarroako lauko sokatiran pisu arineneko txapela ere jantzi dute

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 30a, 08:41

Pisu arinenean aritu diren Beti Gazteko neskak eta mutilak. Hauek txapela lortu dute berriz ere.

Neskak, aldiz, ez dute podiumera igotzerik izan oraingoan

Pisu astunenekoa bezalaxe, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren txapela, 300 kilokoa, nagusitasunez jantzi du Lesakako Beti Gazteko gizonezkoen taldeak. Larraintzarren maiatzaren 20an bezala, maiatzaren 27an Berriozarren jokatutako 300 kiloko bigarren jardunaldian ere tiraldi guziak irabazi zituzten eta finalean Berriozarrei taldeari nagusitu zitzaion.

 

Beti Gazte taldearekin, 300 kilokoan Beñardo Iantzi, Iñigo Altzugarai, Joxe Angel Mitxelena eta Eneko Saldias aritu ziren tiran, Mikel Apeztegia entrenatzailea eta Karmelo Mitxelena eta Julen Palenzuela laguntzaile zutela. Beti Gazte eta Berriozarren gibeletik, Txantrea, Kaskallueta eta Antsoain sailkatu ziren.

Emakumezkoetan, 235 kiloko kategorian, Beti Gazteko neskak laugarren izan ziren. Hauek talde berria eta gaztea dute, lehen aldiz lehian aritu diren neskek osatua: Aitziber Goienetxe, Oiartzungo Udane Loidi, Kristiñe Txoperena eta Ainhoa Ubiria izan dira tiralariak. Entrenatzailea Karmele Pikabea izan zuten eta laguntzailea Oihana Mindegia. Txantrea izan zen txapeldun, Kaskallueta bigarren, Berriozar hirugarren, Beti Gazte laugarren eta Antsoain bosgarren.

Kadete mailan, Baztango Basaburua suertatu da txapeldun. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun