III. Zaldi Azoka eginen dute Irrisarri Land-en maiatzaren 26tik 28ra

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 25a, 12:21
Zaldiaren munduarekin lotutako hainbat ekitaldi eginen dituzte asteburu osoan Irrisarrin.

Igandean zaldi txapelketa izanen da Igantziko abentura parkean 

Igantziko IrriSarri Land abentura parkean III. Zaldi Azoka eginen da maiatzaren 26tik 28ra. Ortziralean afari solasaldia, larunbatean zaldi ibilaldia eta entrenmentua eta igandean zaldi txapelketa izanen dituzte.

 

Jarduerak ortziralean hasiko dira, afari solasaldia eginen baita Reinaldo Armendárizekin; eskarmentu handiko zaldizkoa da hala heziera klasikoan nola jauzian, eta jende ospetsuarekin lan egin du; Pablo Hermoso de Mendoza, Roberto Armendáriz eta Joaquín Legarrerekin, adibidez.

Larunbatean, 10:00etan, ibilaldi bat eginen da Bortzirietako mendi bazter ederretan barna; lauzpabost orduko iraupena izanen du. Ondotik, 15:00etan, parkean bazkaria eginen da ibilaldian parte hartu duten zaldizko guztientzat. 17:00etan, zaldizkoak entrenatzen hasiko dira igandean eginen den zaldi txapelketarako. Bukatzeko, afaria, eta afalondoan, mariatxi-karaokea.  

 

Zaldi txapelketa igandean

Igandean, 11:00etatik aurrera, Zaldi Azokaren ekitaldi nagusia eginen da, IrriSarri Land Zaldi Txapelketa. Hainbat proba, oztopo-ginkana eta palio izanen dira, zaldizkoek eta zaldiek beren trebeziak erakuts ditzaten. Txapelketan lau sari banatuko dira. Lehen hiruak zaldizko eta zaldi onenei emanen zaizkie. Irabazlearendako saria gau bat izanen da mantenu erdian Yrisarriko Jauregia Hotelean, bi lagunentzat. Bigarren sailkatuak gau bat lortuko du mantenu erdian  IrriSarri Land aterpetxean, bi lagunentzat. Eta hirugarren sailkatuarendako saria, berriz, bi menu izanen dira YriSarri Jauregia Jatetxean, bi lagunentzat.

Laugarren saria zaldirik ederrenarentzat izanen da, bi abentura sarrera eskuratuko baititu IrriSarri Landen gozatzeko. 

Azokako jardueretara joan nahi dutenek (bazkariak, afariak, ibilaldia, txapelketa…) izena eman beharko dute aurrez 948928922 telefonoan edo info@irrisarriland.es helbide elektronikoan. 

Zaldiekin joaten direnek eskaintza bereziak izanen dituzte lo egiteko, hala pertsonentzat nola zaldientzat.

 

Zalditegia

Duela hiru urtetik hona, IrriSarri Landek aire zabaleko zalditegia dauka, eta beste bat estalia, zaldiz ibiltzeko esperientzia gozatzeko, zer eguraldi egiten duen alde batera utzita. IrriSarri Landeko zalditegiak bere zaldiak ditu kirol horretan aritzeko. Eta baldintzarik egokienak eskaintzen ditu beren zaldiekin bidaiatu nahi dutenentzat, zaldiendako ukuilua eta janaria dituelako eskura.    

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun