Jarduerak ortziralean hasiko dira, afari solasaldia eginen baita Reinaldo Armendárizekin; eskarmentu handiko zaldizkoa da hala heziera klasikoan nola jauzian, eta jende ospetsuarekin lan egin du; Pablo Hermoso de Mendoza, Roberto Armendáriz eta Joaquín Legarrerekin, adibidez.
Larunbatean, 10:00etan, ibilaldi bat eginen da Bortzirietako mendi bazter ederretan barna; lauzpabost orduko iraupena izanen du. Ondotik, 15:00etan, parkean bazkaria eginen da ibilaldian parte hartu duten zaldizko guztientzat. 17:00etan, zaldizkoak entrenatzen hasiko dira igandean eginen den zaldi txapelketarako. Bukatzeko, afaria, eta afalondoan, mariatxi-karaokea.
Zaldi txapelketa igandean
Igandean, 11:00etatik aurrera, Zaldi Azokaren ekitaldi nagusia eginen da, IrriSarri Land Zaldi Txapelketa. Hainbat proba, oztopo-ginkana eta palio izanen dira, zaldizkoek eta zaldiek beren trebeziak erakuts ditzaten. Txapelketan lau sari banatuko dira. Lehen hiruak zaldizko eta zaldi onenei emanen zaizkie. Irabazlearendako saria gau bat izanen da mantenu erdian Yrisarriko Jauregia Hotelean, bi lagunentzat. Bigarren sailkatuak gau bat lortuko du mantenu erdian IrriSarri Land aterpetxean, bi lagunentzat. Eta hirugarren sailkatuarendako saria, berriz, bi menu izanen dira YriSarri Jauregia Jatetxean, bi lagunentzat.
Laugarren saria zaldirik ederrenarentzat izanen da, bi abentura sarrera eskuratuko baititu IrriSarri Landen gozatzeko.
Azokako jardueretara joan nahi dutenek (bazkariak, afariak, ibilaldia, txapelketa…) izena eman beharko dute aurrez 948928922 telefonoan edo info@irrisarriland.es helbide elektronikoan.
Zaldiekin joaten direnek eskaintza bereziak izanen dituzte lo egiteko, hala pertsonentzat nola zaldientzat.
Zalditegia
Duela hiru urtetik hona, IrriSarri Landek aire zabaleko zalditegia dauka, eta beste bat estalia, zaldiz ibiltzeko esperientzia gozatzeko, zer eguraldi egiten duen alde batera utzita. IrriSarri Landeko zalditegiak bere zaldiak ditu kirol horretan aritzeko. Eta baldintzarik egokienak eskaintzen ditu beren zaldiekin bidaiatu nahi dutenentzat, zaldiendako ukuilua eta janaria dituelako eskura.