Bortzirietako udaleku irekietan izen emateko epea maiatzaren 22tik ekainaren 2ra irekiko dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 19a, 12:07

Bortzirietan udalekuetan izen emateko epea maiatzaren 22tik ekainaren 2ra irekiko dute.

Udalekuetan begirale izateko lan poltsan parte hartzeko epea ere zabalik da

Urtero bezala, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu. Udalekuak antolatzeko Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean aritu da, eta LaCaixa-Obra Soziala erakundeak udalekuak babestu ditu aurten ere.  

 

Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin udalekuak uztailaren 3an hasiko dira, eta uztailaren 28ra arte arituko dira. Lesakako kasuan, udalekuak uztailaren 17an (asteartearekin) hasiko dira, eta abuztuaren 11n bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak goizeko 10:00etatik 13:00ak arte izanen dira. 

Udalekuak 3-12 urte bitarteko neska-mutikoentzat dira, hain zuzen ere 2005-2013 urteen bitartean jaiotakoentzat.

 

Izen ematea

Izen ematea maiatzaren 22an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da ekainaren 2ra arte, ortziralea. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948634125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea. 

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek. 

Udalekuetan lau asteetarako edota bi astetarako izen ematen ahalko da. Horren arabera matrikularen prezioak aldatu eginen dira. Ume batek lau asteko aukera hartzen badu 90 euro ordaindu beharko ditu eta bi astekoa hartzen badu 50 euro. Bi anai-arrebaren kasuan, 150 eta 80 euro ordaindu beharko lukete eta hiru anai-arreba direnean, 180 euro eta 90 euro. Horrez gain, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek matrikularen % 50 ordainduko dute. Baina horretarako Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 635 036) jo behar dute eta bertan beharraren balorazioa eginen dute.

 

Begiraleen lan poltsan izen emateko epea ere zabalik

Mankomunitateak begiraleentzako lan poltsa osatzeko deialdia egin du. Lan poltsa batez ere udalekuetan lan egiteko begiraleak kontratatzeko erabiliko da. Lan poltsan parte hartzeko nahikoa izanen da DBHko titulazioa izatearekin eta euskaraz jakitearekin (C1 maila). 

Interesa dutenek eskaera eta gainerako dokumentazioa Bortzirietako Euskara Mankomunitatean (Herriko Plaza 7, 2. 31790 Arantza) aurkeztu behar dituzte, datorren ekainaren 7a baino lehen. Interesatuek proba bakarra egin beharko dute, ekainaren 19an goizeko 10:00etan hasita, Berako Beralandeta eraikinean.

Deialdiari buruzko xehetasun guztiak eta izen emateko inprimakia mankomunitatearen web gunean ikus daitezke (www.bortziriak.eus). Informazio xeheagoa nahi izanez gero, mankomunitatearekin telefonoz nahiz e-postaz harremanean jar daitezke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun