Helburu nagusia bi herrietako bizilagunak gure hondakinak sortzen dituzten arazoez eta etxean ongi bereiztea duen garrantziaz kontzientziatzea da.
Bertze aldetik, araudiak zehazten dituen helburuak lortzeko bertze pausu bat eman nahi dute. Ez da ahantzi behar 2020rako sortutako materia organikoaren %50 birziklatu behar dugula. Horregatik, bi herri hauetan konposta indartu nahi dute eta familiak beraien hondakin organikoak konpostatzen hastera animatu.
Karakterizazioak
Kanpaina hasi baino lehen eta ondotik 4 zaborrontzi berde hustuko dira Arantzako plazan eta bertze 4 Igantziko frontoian. Hondakinak bereiziko dira eta dagozkien edukiontzietan sartu. Horrela jakinen dute zertan hobetu behar den momentu honetan eta kanpaina bukatzerakoan datuak alderatu ahal izanen ditugu emaitzak ateratzeko. Lehenbiziko karakterizazioak ortziral honetan eginen dira, maiatzak 12, goizean.
Bisitak
Arantza eta Igantziko etxebizitza guztietatik pasatuko gara hondakin mota desberdinen kudeaketari buruzko informazioa emateko eta baita ezarriko diren berrikuntzen ingurukoa ere. Konpostajearen prozesua ere azalduko da, bere onurak eta zer konpostatzen ahal den eta zer ez. Gainera, beharrezkoa den materiala eramango da bere etxeko hondakinak konpostatzen hastera interesatua dagoenari zuzenean emateko. Azkenik, agertzen ahal diren zalantza guztiak argitzen saiatuko gara eta proposamen edo iradokizun guztiak jasoko dira. Honetarako HIRUSTA. Servicios Educativos – Hezkuntza Zerbitzuak enpresa kontratatu da.
Berrikuntzak
Hainbat hondakin biltzeko sistema berriak ezartzeko aukera aztertuko da, hala nola hondakin bereziak biltzeko “Garbigune ttikia”, lorategietako eta baratzetako hondarrak biltzeko gunea, etabar.
Gainera, zaborrontzi berdeari tapa txikia jarriko zaio behar ez diren hondakinak botatzen segitzea saihesteko.