Ongi hasi dira Beti Gazteko neska-mutilak eta Basaburuako kadeteak Nafarroako lauko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 9a, 16:25

Berriz ere goma gainean lehian hasi dira Beti Gazteko neskak. Argazkia: Xagu-Lesaka

Maiatzaren 6an Lesakan egin zen lehen jardunaldia

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa prestatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Guztira lau jardunaldi jokatuko dira maiatzeko lau larunbatetan. Lehenbizkoa, maiatzaren 6an izan zen Lesakan. Gizonezkoak 320 kilokoan, emakumean 255ekoan (bietan ordezkaritza izan zuen Beti Gaztek), 20 urtez beheitikoak eta kadeteak lehiatu ziren.

 

Gizonezkoen 320 kiloko kategorian Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta lesakarrak nagusitu ziren etxeko saioko tiraldi guztietan (5 puntu), Txantrea bigarren izan zen (4 puntu), Berriozar A (3 puntu), Berriozar B (2 puntu) eta Antsoain (puntu 1) gibelean utzita.

Emakumezkoetan ere Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta bigarren postuan berdindu zuen Berriozarrekin (hiruna puntu eta erdi). Txantrea nagusitu zen (5 puntu) eta gibelean utzi zituzten Kaskallueta (2 puntu) eta Antsoain (puntu 1).

20 urtez beheitiko kategorian ez da eskualdeko tiralaririk. Berriozar izan zen txapeldun (3 puntu), Araxes eta Ultzamaren aitzinetik. Kadetetan, Baztango Basaburuak bi talde kantxaratu ditu eta Lesakan Basaburua A eta Araxesek berdindu egin zuten sailkapen buruan (3,5 puntu), Basaburua Bk 2 puntu eskuratu zituen eta Berriozarrek bakarra.

Maiatzaren 13an Antsoainen txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute kategoria guztietan. Gainera, 320 kiloko gizonezkoek eta 255eko emakumezkoek finala ere jokatuko dute.

Maiatzaren 20an Larraintzarren eta maiatzaren 27an Berriozarren jokatuko dituzte ondoko jardunaldiak, gizonezkoak 300 kiloko kategorian eta emakumezkoak 235 kiloko kategorian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun