Elkarrizan Boluntario taldeak bultzatu du, eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta La Caixaren Gizarte Ekintzaren laguntzaz, zerbitzua martxan jarri da. Asmoa, gaur egun eskaintzen den arreta psikologikoa sendotzea da, inguruan ez dagoen zerbitzu bat abiaraziz, beti ere gizarte baztertze arriskua duten kasuei lehentasuna emanez. Zonaldeko edozein pertsona edo familiari zuzentzen da zerbitzua, erlazio zailtasunak dituzten pertsonetatik hasiz, orientazioarekin landuz; trastorno psikologikoetaraino, eskuhartze intentsiboago batekin, metodo psikoterapeutiko ezberdinekin, beti ere teknika kognitibo-konduktualetan oinarrituta. Eskuhartze psikologikoaren bidez, populazioaren osasuna eta ongizatea bultzatzea da zerbitzu honen xedea; gorabehera emozionalak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetuz eta egokitzapen pertsonal, familiar eta soziala areagotuz.
Arreta Amaia Pando psikologoaren eskutik
Amaia Pando Aramendi Berako psikologoak eskaintzen du arreta. Terapian eta psikologia klinikoan formakuntza eta esperientziaduna da, baita hirugarren adinarekin lan egiten ere, drogomenpekotasunen prebentzioan, famili bitartekaritzan eta enplegu alorrean aritutakoa da. Jendeari zerbitzu hurbila, konfidantzazkoa, kalitatezkoa eta profesionala ematea da Amaiaren helburua; pertsona eta familia guztiak ongi etorriak direlarik Arreta Psikologikorako Zerbitzura.
Zerbitzua ibilbide berri honetan hasi denetik, arreta beharra batez ere arazo-arlo hauetan antzeman dira: depresioa, antsietatea, estresa, dolua, gaixotasun kroniko edo larri bateri aurre egitea, bakardadea, autoestimua eta gizarte trebetasunen falta, bikote-familia erlazioetan arazoak eta banaketak, eskola jazarpena, herabetasuna, jokabide arazoak, droga kontsumoa,…
Aipatutako beharretaz gain, beste hainbat sor daitezke; bizitzan zehar gorabehera psikologikoak, emozionalak, harremanetakoak… krisi edo aldaketa momentuak izatea normala eta ohikoa baita; eta hauei aurre egiteko, edo azkarrago edota indartsuago ekiteko, laguntza psikologikoa onuragarria eta beharrezkoa izan daiteke. Hortaz, zerbitzua herritar guziei eskaini nahi zaie, edozeinek zerbitzu erabil dezake. Honen harira, normalizazioa eta arreta psikologikoa desestigmatizatzea ere bertze helburuetako bat da; fisioterapeutara edo dentistara joaten garen bezala, psikologora ere inolako beldurrik eta lotsarik gabe joatea.
Proiektu pilotoa eta oraingoz, behin behinekoa denez, honen mantenua bultzatzeko kopago bat eskatuko da saio bakoitzeko.
Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Etxalarren dituen bulegoetan, Lesakan duen bulegoan eta Berako Udaletxean ematen da arreta, goizeko 9:30etik 14:30 arte. Dena den, eskatzaileen beharren arabera, arratsaldez ere artatuak izan daitezke. Hitzordua eskatzeko Gizarte Zerbitzuen telefono zenbaki honetara deitu behar da: 948 635 036.