Joan den asteburuan Mikel San Sebastian Murtziako kartzelan bisitatzetik bueltan heldu zen herritarraren istripuaren harira sartutako mozioa onartu da
Joan den asteburuan, Mikel San Sebastian Gaztelumendi preso politiko lesakarraren lagun batek istripu bat izan zuen Murtziako kartzelatik bueltarako bidaian. Gainera, istripua izan duen pertsona ere lesakarra da. Lesakako EH Bilduk dioenez, «argi dago istripu hau dispertsio politikaren ondorio bat dela. Martxan dagoen dispertsio politika hau presoak ez ezik beraien lagun eta senideak ere zigortzen ditu. Lesakan, egoera hau astebururo astebururo lagun aunitzek pairatzen dute, bidaiaro beraien biziak arriskuan jarriz». Honen aitzinean, eta dispertsioak eragindako istripu berri baten ondoren, Etxeratek Lesakako Udalean aurkeztutako mozioaren ondoren, Lesakako EHBilduk urgentziazko osoko bilkura deitzeko eskaera egin du. Bertan, eta aho batez, mozioa onartu da.