Murtziako espetxean (787 km) dago preso Mikel San Sebastian lesakarra eta bera bisitatzera joana zen istripua izan zuen laguna. Igande goizaldean ailegatu zen Lopidanara Murtziatik zetorren Mirentxineko furgonetan, eta ondotik, bere auto partikularrean itzultzekoa zen Lesakara. Baina Oiartzungo bidesaria pasatu ondotik, euri-erauntsi baten ondorioz, preso politikoaren lagunak autoaren kontrola galdu eta errepideko erdibitzailearen aurka jo zuen. Autoa xahetua gelditu zen arren, gidaria onik atera zen.
Elkarretaratzeak
Etxeratek salatu duenez, espetxera bidean edo bueltan 16 biktima eta 400 istriputik goiti izan dira gaur arte. Ondoko egunetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak deitu ditu: apirilaren 3an 20:00etan Iruñean PPren egoitzaren aitzinean, Gasteizen apirilaren 4an 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan, Bilbon apirilaren 4an 19:00etan Arriagan eta Donostian apirilaren 5ean 19:00etan Bulebarrean.