«Ama, ni Arantzara joateko paperak egin dituzu? Eta zenbat denbora falta zait Arantzara joateko?». Halaxe, irrikaz eta gogotsu dago Andrey sorterria utzi eta bertze urte batez udan Arantzara etortzeko. Atarrabia Elkartasun Elkarteari esker, Siberiako Nizhnevartovsk herritik etorriko da, eta berekin batera, bertze bederatzi neska-mutiko etorriko dira Nizhenevartovsk eta Bryansketik (Txernobiletik hurbil) Nafarroara: Anna, Danila, Viktoria, Dimitri, Karina, Olga, Maksim, Arina eta Olga. Andrey ez da eskualdera etorriko den bakarra izanen, Olga Zubietara etorriko delako. 10 eta 17 urte bitarte dituzte eta ekainaren 17tik irailaren 1era gure artean egonen dira.
Egoera larrian bizi diren familietatik eta harrera etxeetatik datozen neska-mutikoak dira. Koldobike Gorostiza Uriguen aranztarrak ongi ezagutzen du haur horien egoera, aurten borzgarren aldiz hartuko baitute Andrey etxean. Berak kontatu digunez, «hagitz baldintza ezberdinetan» bizi dira: «harrera-etxeetan daudenak pisu ttiki-ttikietan bizi dira eta normalean jende aunitz bizi da elkarrekin». Haur horiek lehen mailako beharrak aseak dituzte, Errusiako Gobernuak harreran hartzen dituzten haur bakoitzagatik diru kopuru bat ematen dietelako hezitzaileei. Eta Gobernua bera da haur hauek berogailua, jatekoa eta arropa badutela kontrolatzen duena. «Gabeziarik haundiena afektiboa izan daiteke, normalean haur pila hartzen dute harreran, eta elkar zaintzen dute».
Koldobikeren hitzetan, okerragoa da familietatik datozen haurren egoera: «baliteke afektiboki gabeziarik ez izatea, baina eguneroko lehen beharrak ase gabe dituzte: elikadura arazoak, etxeko berogailuarekin arazoak, arropa falta...». Familietatik datozen haurrak «hagitz pobreak» dira. Elkarteko kide batzuk egoera hori bertatik bertara ikusi dutelako daki «familietatik Nafarroara datozen haur batzuk hagitz pobreak direla». Are gehiago, «batzuk egurrezko etxeetan bizi dira, eta ez dute komunik ere». Errusian neguan, 35 gradu zero azpitik egin dezake eta «egurrezko etxetxo batean bizi badira, eta tenperatura horrekin, atera kontuak zein baldintzatan bizi diren».
Baina Atarrabia Elkartasun Elkartearen bitartez, udako hilabeteetan eta Eguberrietan eguneroko min eta bizi baldintza eskas horiek arintzeko aukera dute.
HAMAR HAUR NAFARROAN
Duela 25 bat urte hasi zen guztia. «Txernobilgo istripu nuklearraren ondorioz, Errusiako umezurtz-etxeetan zeuden haurrekin laguntza eskatu zuen Errusiako Gobernuak. Estatu mailako mugimendua izan zen, eta hasiera hartan, Nafarroako Mugarik Gabe Elkartearekin Atarrabia, Altsasu eta Arakilgo familia aunitz Errusiako haurrekin lanean hasi ziren», dio aranztarrak. Esperientzia haren ondotik, 1996an sortu zen Atarrabia Elkartasun Elkartea: «bere momentuan 40 familia egon ziren elkartean eta gaur egun, hamar gara». Onartu digu familia berriak sartzea gustatuko litzaiekeela.
Euskal Autonomia Erkidegoan bada bertze elkarte bat, Bikarte. Hain zuzen, elkarte honetako kideei irratian egindako elkarrizketa bat aditu zutenean erabaki zuten Koldobikek eta familiak mugimendu honetan sartzea: «elkartekoekin harremanetan jarri ginen, elkarrizketa bat egin ziguten eta haurrak zein errealitatetik datozen erran ziguten. Eta gaur egun, Atarrabia Elkartasun Elkarteko kide gara».
«SUPERBIBIENTEAK DIRA»
Bortz urte pasatu dira geroztik, baina Koldobikek gogoan du Andrey lehenbiziko aldiz etxera etorri zen urte hura: «urduri etorri zen, eta hasiera gogor xamarra izan zen». Alde batetik, hizkuntza aipatu digu: «hizkuntzarekin gorabehera batzuk izaten dira. Elkarteak egunerokotasunean sor daitezkeen elkarrizketak azaltzen dituen gida bat ematen du eta horrez gain, keinuak ere erabili genituen». Hala ere, Andrey «hasieratik euskaraz ikasten hasi zela» azpimarratu digu: «hitzak barneratu zituen, eta gehienbat euskaraz solasten ginen. Haur hauek superbibienteak dira eta dagoenera moldatzen dira. Sinestezina bada ere, ikustekoa zen lehenbiziko bi hilabete eta erdian Andrey euskaraz nola moldatzen zen. Primeran barneratu zuen euskara, elkar ulertzeko moduan».
Kulturaz ere aritu zaigu: «bertzelako kultura batetik datoz. Hagitz gogorrak dira, egoera gogor batetik datozenak, eta errusiarren izaera bera ere hagitz gogorra eta hotza da. Etortzen direnean ez dituzte gure ohiturak ezagutzen, ez etxekoak, ez kalekoak ere... Hortaz, eurekin egon behar da gauzak ulertarazi eta nola diren adierazteko». Haur hauek ez dutela arriskurik ikusten ere gaineratu digu: «ez daude ohituak euren gainean norbait egotera eta noraino ailegatzen ahal diren probatzea gustatzen zaie, dena ematea. Eurentzat bihurrikeritxoak direnak hemen batzuetan bihurrikeria haundiak edo gogorrak dira, eta hasieran, gainean egon behar da». Kasu bat aipatu digu: «igerilekura joan ginen lehenbiziko aldian, keinuen bitartez igerian bazekien galdetu genion. Berak baietz, eta salto egin zuen, baina ur azpira joan zen. Ez zekien igerian, baina inongo beldurrik gabe egin zuen uretara salto». Dena den, ez zenez saiatu gabe gelditu, «uda hartan, gibeleraka igerilekuan alde batetik bertzera igeri egiten ikasi zuen, baita urpean igeri egiten ere».
Umezurtza da Andrey, eta Karina arreba bikiarekin udak Nafarroan pasatzen ditu. Arrebak Burlatan eta Andreyk Arantzan. Bizitza ez da erraza izan eurentzat: «Andrey joan den udan hasi zen bere bizitzako kontuak kontatzen eta bizitza gogorra izan du». Azaldu digunez, «ttikia zenean hil zitzaion ama eta ederki oroitzen da egun horretaz eta egun horretan bizi izandako hainbat egoeraz. Pasatutakoak pasatuta ere, haur goxoa, maitakorra eta mutiko ona da».
EMAN ETA HARTU
Momentu politak ditu gogoan Koldobikek: «haurrak nola gozatzen duen ikusita, zein gustura egoten den, kalean eta batez ere bizikletarekin nola gozatzen duen...». Hori ederra dela dio. Hasieratik etxean aunitz lagundu duela ere azpimarratu digu: «etxeko lanak egiten, erosketak egiten, sukaldean, baratzean, ohea egiterakoan ez du zimur bat ere uzten...». Dagoeneko hemengora «ederki ohitu» dela ere adierazi digu. Gaur egun, «primeran solasten da euskaraz eta urtean zehar skype bidez mantentzen dugun komunikazioarekin ez zaio atzentzen. Urtetik urtera lasaitu egin da, hemengo ohiturak ere ikasi ditu eta lagunak ere egin ditu eta ez du eurekin biltzeko arazorik».
Bidaia luzea egin behar du Errusiatik Arantzara etortzeko, baina inongo alferkeriarik gabe hartzen du hegazkina. Kontent etortzen baita eta etortzen denean «momentu guztiak aprobetxatu» nahi izaten omen ditu, «eta batez ere kalea. Siberian negua luzea denez, ordu aunitz etxean pasatzen ditu, eta Arantzara etortzean, ordu guztiak etxetik kanpo pasako lituzke. Bizikleta hartu eta kanpora joan nahi izaten du. Aunitz gozatzen du horrela».
Andrey pozik, eta Koldobike ere bai, «hagitz gustura» dagoela aitortu baitigu. Are gehiago, horrelako harrera bat egitera animatu nahi du jendea: «errusiarrak, sahararrak, somaliarrak... Harrera desberdinak egin daitezke». Bere irudiko, «gure bizitzan sartuak gaude, lana, gure eginbeharrak... eta kostatzen da denboraldi baterako haurrak hartzea». Baina argi dio berak: «merezi du. Haurrei gauza aunitz ematen ahal dizkiegu eta eurek guri ere bai». Alaitasunez «bete-beteak» joaten direla ere aipatu digu: «lehenbiziko egunetan ateratzen ditugun argazkiak eta uda akaberakoak guztiz desberdinak dira. Uda akaberako argazkietan Andreyri diztira ageri zaio, argitasuna... Badakit euren errealitate krudelera bueltatu behar dutela, baina hurrengo urtean itzuliko direnaren ilusioarekin bizi dira eta badakite hemen gurekin gozatu eginen dutela».