Deialdi berri honek 2017an euskara ikastaroren bat hasiko duten ikasle guztientzat balio du. Lehen sei hilabeteetan ikastaroren bat egin dutenek edo egin asmo dutenek eskaerak apirilaren 4a baino lehen egin behar dituzte, euskara mankomunitatean bertan. Udako ikastaroen kasuan edota 2017-2018 ikasturtean matrikulatzeko asmoa dutenen kasuan eskaerak egiteko bertze epe bat izanen dute: urriaren 13ra bitartean.
Edozein kasutan, informazio xehea, deialdiaren oinarriak edota aurkeztu behar den dokumentazioa eta inprimakiak mankomunitatearen web orrian aurki daitezke (www.bortziriak.eus), eta edozein zalantzatarako bertara deitzen ahal da (948 634 125).
Iazko bideari jarraituz
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, 2013an egindako gogoeta parte hartzailearen ondotik, euskalduntze eta alfabetatzeari dagokionez helburu hauek adostu zituen mankomunitateak bere plan estrategikoan: 1) herritarren artean euskararen ezagutza handitzea, 2) euskalduntze-alfabetatzea unibertsalizatzea, prestigiatzea eta zabaltzea, 3) euskararen kalitatea hobetzea eta bertako hizkuntza lantzea eta 4) euskalduntzetik erabilerara jauzia egitea eta euskaldunen sarea trinkotzea.
Helburu horiek gauzatzeko, 2016an mankomunitateak euskara ikasteko diru laguntza politika berraztertu zuen eta euskara ikastea doakoa izan dadin bideak urratzen hasi zen. Hortaz, euskara ikasleentzako beka sistema unibertsala eta doakoa ezarri zuen. Lehen urte horretan mankomunitatearen eskaintzak harrera ona izan zuen herritarren artean: 2016-2017 ikasturterako 71 euskara ikaslek egin zuten beka eskaera.