Martxoaren 25ean Harriondoan
Asteburu honetako lehen bi saioen ondotik, hurrengo larunbatean, martxoaren 25ean, Lesakan izanen da haur eta gaztetxeoen kantari jaialdiko hirugarren saioa. 150 abeslari espero dituzte Lesakan eta hortaz, bi emanaldi izanen dira Harriondoa Kultur Etxean, 18:00etan eta 19:00etan. Sarrerak salgai daude Lesakako Tantirumairu ikastolan edo koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan 3 eurotan (8 urtetik beheitikoak doan, baina txartela beharko dute lekua gordetzeko).
18:00etako emanaldian, Leitzako neskak taldeak ‘Noiz itzuliko zara’ (Hesian) eta ‘Euskararen txantxangorria’ kantatuko dute, Leitzako Leire Erbitik ‘Zure doinua’, Goizuetako eskolako taldeak ‘Amets bat’ (Alaitz eta Maider) eta ‘Agortu dira hitzak’ (Hesian), Arano herria taldeak ‘Gogoak’ (Esne beltza) eta Azpilkuetako Enara Arregik berak sortutako ‘Lamiak’ kantatuko du.
19:00etako bigarren emanaldian, Tantirumairu ikastolako taldeak ‘Aldapan gora’ (Huntza) kantatuko du, Mendaur triki eskolako talde ezberdinek ‘Joxepa Joxepa’, ‘Putpourri (Pirritx eta Porrotx), ‘Herriko festak ziren’ eta ‘Oi kanta berri’, Sunbillako eskolako taldeak ‘Ahoa bizi belarriak prest’ (Pirritx eta Porrotx) eta ‘Herri Unibertsitatea’ (Huntza) eta Baztan Ikastolako taldeak ‘Euskararen txantxangorria’.l
Lesakako saioaren ondotik, apirilaren 1ean Burlatan eta jaialdi nagusia Tafallako Kulturgunean apirilaren 29an izanen dira.