Berriz ere podiumera igoz bukatu du Euskadiko txapelketa Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 13a, 12:39
Beti Gaztek brontzezko domina eskuratu du 560 kiloko kategorian.

560 kiloko kategorian hirugarren izan dira lesakarrak Laukizen (Bizkaia)

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan, gizasemeen 560 kiloko txapelketa erabaki zen martxoaren 11n, Laukizen (Bizkaia) jokatutako saio bakarrean. Etxean 600 kilotan azpitxapeldun izan ondotik, Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak berriz ere podiumera igotzea lortu zuen, hirugarren izan baitzen.

 

Laukizko Gaztedi taldea izan zen txapeldun. Beti Gazteren kontra berdindu egin zuen, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten bizkaitarrek. Bizkaiako Sokarri taldea izan zen bigarren. Hauek txapeldunen kontra galdu baina gainerako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Beti Gaztek, txapeldunekin berdindu, txapeldun ordeekin galdu eta gainerako tiraldiak irabazi zituenez, hirugarren postua eskuratu zuen. Bizkaiako Murueta izan zen laugarren eta Nafarroako Berriozar eta Txantreak itxi zuten finaleko sailkapena.

Emakumezkoen seinakako txapelketan, 375 kiloko hirugarren eta hondar jardunaldia ere jokatu zen Laukizen eta gizasemeetan bezala, etxeko taldea nagusitu zen. Gaztedi izan zen txapeldun, Ibarra eta Txantrearen aitzinetik. Bi talde hauek berdindu egin zuten azken jardunaldian baina aitzineko bietan gipuzkoarrak nagusitu zirenez, Ibarrakoak izan dira txapeldun orde eta Txantreak lortu du brontzezko domina. Goiherri izan da laugarren eta Berriozar bosgarren.

 

Txapelketa mistoa martxoaren 18an Bakion

Honela, gizonak eta emakumeak bakoitza bere aldetik jokatu beharreko txapelak banatu dira eta orain 600 kiloko txapelketa mistoaren txanda izanen da. Hemen ez da eskualdeko ordezkariitzarik izanen. Martxoaren 18an Bakion jokatuko dute. Lau emakumek eta lau gizonek osatutako taldeak izanen dira eta bortz talde lehiatuko dira: Bizkaiko Gaztedi A eta Gaztedi B, Gipuzkoako Ibarra eta Nafarroako Berriozar eta Antsoain.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun