Haur-elikadura eta eskola-jantokiei buruzko ikastaroak lau saio izanen ditu aurten Bortzirietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko martxoaren 7a

Ikastetxeetako jangeletako elikaduraz ariko dira ikastaroetan.

Lehenbizikoa martxoaren 9an eginen dute Lesakako Irain eskola publikoan, arrain urdina ikastetxeko dietan gaia hizpide hartuta

Haur-elikadura eta –nutrizioari buruzko seigarren ikastaroa antolatu dute Bortzirietako Guztiok taldeak eta Lesakako Osasun Zentroak. Jantokietako langileei eta jantokien antolakuntzaz arduratzen diren gurasoei zuzendua dago, baina edozein gurasorendako egokia da. Lau saio izanen dira eta izen emateko azken eguna martxoaren 7a, asteartea da.

 

Lehenbiziko solasaldia martxoaren 9an, ortzegunean 16:30etik 20:00etara eginen dute Lesakako Irain eskola publikoan. Anais Rico nutrizionista ‘Arrain urdina ikastetxeko dietan’ gaia landuko du, Iñaki Pikabea sukaldariaren laguntzaz.

Martxoaren 18an, Ángeles Soler logopedak, ‘Elikaduraren garapena eta irensteko arazoak izanen ditu hizpide, Unai Zabala sukaldariaren laguntzaz. Arratsaldez, Aurora Carbonell terapeuta okupazionala haur autistaren elikadurari buruz ariko da. Bi saioak Berako Labiaga ikastolan eginen dituzte, 09:00etatik 13:00etara lehenbizikoa eta 15:00etatik 18:00etara arratsaldekoa.

Aitzinera begira, maiatzaren 13an menuko janari kritikoei buruz, jangelaren hezkuntza balioaz eta gurasoen lanaz ariko da Rocio Martin eta irailaren 6an, Lesakako Osasun Zentruko profesionalek, eskola inguruko lehen sorospen ikastaroa eskainiko dute Berako Kultur Etxean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun