Haziaren Eguna ospatuko dute martxoaren 4an Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko martxoaren 2a

Eskolako idorpean haziak trukatzeko aukera izanen da aurten ere.

Haziak trukatzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko mahaia jarriko da Rikardo Baroja eskolako idorpean eta gero bazkaria eginen dute Etxalarko Txokoan

Bidasoko Hazien Sareak antolatutako Haziaren Eguna bi saiotan eginen dute aurten ere.  Lehenbizikoa Beran izanen da martxoaren 4ean. Larunbat horretan 10:30ean hasiko da Rikardo Baroja eskolako idorpean. 

 

Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatuko dituzte: Nondik lortuak diren, noiztik egiten dituzten, horietatik sortzen diren landareak nolakoak diren, zein berezitasun dituzten... Hamaiketakoa eskainiko dute. Eguerdi aldera Solasaldi Irekia ere eginen dute. Bakoitzak zer ikasi edo zeri buruz mintzatu nahi duen erran ahal izanen du, eta gai horien arabera taldetan bildu eta arituko dira.

Besta borobiltzeko, eta segitu nahi dutenentzat, bazkaria eginen dute Etxalarko Txokoan.

Astebete beranduago, martxoaren 11n Lekarozen ere eginen dute Hazien Eguna, Hazitik Hozie eta Legate taldeen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun