Kantu Zahar bazkaria eskainiko dute martxoaren 11n Ibardingo Mendikon

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 24a, 13:45
Arantxa Arregi omenduko dute Mendikoko kantu zahar bazkarian.

Garapen agente izandako Arantxa Arregi omenduko dute, eskualdean turismoa eta kultura sustatzen egindako lana eskertzeko 

Berako Ibardingo Mendiko sagardotegian Kantu Zahar bazkaria antolatu dute aurten ere, martxoaren 11n. Larunbat horretan 14:00etan eginen den bazkariaren eta bertan banatuko den kantu liburuaren prezioa 45 eurokoa da. Gainera, urtetan Cederna-Garalur erakundearen eskualdeko garapen-agentea izan den Arantxa Arregiri omenaldia eskaintzeko aprobetxatuko dute.

 

Partehartzaileei dagokienez, batzuk ohikoak eta bertze batzuk berriak izanen dira. Ohikoak, Angel Mariezkurrena (antolatzailea), Aitor Mendiluze bertsolaria, Frantzisko Santxotena (eskujolea) eta Aitor Ibarra  Jalisko (tronpeta) izanen dira. Berrikuntza nagusiak, berriz, Zuberoako 26 emakumek osatzen duten Buhaminak abesbatza eta Eskozia eta Irlandako zeltiar musika gaitarekin eta bertze hainbat musika-tresnekin jotzen duen Ivan Allue bilbotarra izanen dira.

Hiru urtez kantu afariak egin zituzten eta azken bi urteotan kantu-bazkaria antolatu dute Mendiko sagardotegiak eta Angel Mariezkurrenak.

Izen-ematea edo erreserba 948 630302 edo 670 365011 telefonoetan egin daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun