«Banda jotzen hasten den momentua hagitz polita da»

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 24a, 07:41

Josu Sanjurjo, zakozarrez janzten. Argazkia: Pako Santxez

Josu SANJURJO  | Lesakako gaztea

Zakozarretan eta mozorrotuta, besta bertsoarekin lotuta, batean eta bertzean gozatzen du. Zakua eta atorra soinean paratu, gorputza lastoz bete eta aurpegia estalita  ibiliko da bertze urte batez Josu inauterietako igandean. Zakozarretan hamasei urterekin hasi zen ateratzen «eta behin bakarrik egin dut kale». 

 

Eguna ailegatu arte ez omen du erabakitzen atera edo ez «normalki aurreko egunean egin dudan bestaren araberakoa izaten da», hala ere, momentuz badirudi zakozarrek irabazi diotela partida ajeari. 

Zakozarretan izaten den giroa azpimarratu du «berezia izaten da. Banda jotzen hasten den momentua hagiz polita da, ­oilo larrua jartzen zaizu». Gainera kuadrilan ateratzen dira eta politena «kalejiran zaudelarik elkar bilatzea da. Jendea alkandoragatik ezagutzen duzu».

Mozorrotzeko ohitura ere badu, «larunbatean bakoitza gure kabuz ateratzen gara. Lau trapu paratu eta kalera. Eta astelehenean zerbait originala pentsatu eta kuadrilako guztiak elkarrekin mozorrotzen gara». Aurpegia estalita eramaten ote duen galdetuta, ez aurpegi eta ezta gorputza ere «normalki arropa gutirekin ibiltzen naiz eta hurrengo astean izaten ditut komeriak. Sukarra... eta dena delakoak». Aurtengo helburua «gehixeago janztea da, ez eritzeko» erran digu barre artean eta baita ingurukoek mozorroa ulertzea ere, «lehengo urtean William Wallacetaz morrozotu nintzen eta denek erraten zidaten zeinen gaizki mozorrotua nengoen. Aurpegia margotzeko orduan ere ez nuen asmatu. Berak urdin eta zuriz margotua zuen, nik gorriz eta zuriz. Intentzioa ez zen txarra...».

 

Bertsotarako gaia

Inauterietako giroan sartuta, bertsoak ere ez dira falta izaten «normalean bertsotan bukatzen dut bazkalondoan. Hastea kostatzen zait, baina, hasten banaiz hasi... gero ez naiz ixilitzen».  Ez dakigu inauteriak Nafa­rroako Txapelketarako   entrenamendu egokia izanen diren. Parte-hartzaileen artean dago Josu eta martxoaren 4an Iruritako kanporaketan ariko da kantuan. «Presiorik gabe» doala dio «nahiz eta txapelketan bertze tentsio bat nabari den. Gaiak bertze modu batean landu behar dira. Nerbioak kontrolatu eta nire bertsokera ateratzen saiatzea da asmoa». Eta posible balitz «gazteak garenok aurrerapauso txiki bat eman eta ea baten bat finalera ailegatzen den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun