Egun edo aste batzuk lehenago hasten da inauteri giroan sartzen «mozorroen prestakuntzetan aritzearekin batera». Inauteriak ailegatzean berriz «larunbat arratsaldean futbol partida izaten dugu urtero eta bukatutakoan Lesakan afaria egin ohi dugu taldekideok. Saiatzen gara arratsa sobera ez luzatzen, izan ere igandean goizean goizetik Inude eta Artzaietan dantzatzen ateratzen gara». Inauteri astelehena kuadrilaren txanda izaten da «gosaltzeko gelditzen gara eta hortik aitzinera gorputzak iraun arte».
Ttikitatik inauterizale
Umetatik bizi ditu inauteriak, gogoan du ikastolan 3-4 urterekin mozorroak prestatzen zituztela «irakasle eta gurasoek laguntzen ziguten eta mozorro hagitz politak egiten genituen». Ondotik, «koxkorxeago ginelarik zingar arraultze eskean joaten ginen klasekideak eta oroitzapen bikainak ditut». Inude eta artzaien konpartsan ere gazterik hasi zen «haurren Inude eta Artzaien konpartsan egiten ez ziren bi kantak eta hirugarren dantza ikasi behar izan genituen». Orain, urteak pasa arren «lehenbiziko urte hartako gogoak mantentzen ditugu, horretan ez da gauza haundirik aldatu».
Mozorratzea eta mozorroak prestatzea gustatzenzaio «urtero hiru mozorro desberdin paratzen ditut» eta baita karrikak kolorez jantzita ikustea ere. «Fama aunitz duten Koloniako (Alemania) inauteriak ezagutzeko aukera izan dut. Iruditzen zait, gure inauterietako mozorroetan bariedade haundiagoa dagoela eta herrikoiagoak direla. Hemen bertze sexuaren arropak janzten ditugu inongo arazorik gabe, zer erranik ez Inude eta Artzaietako parodian. Han zaila da gizon bat emakumez jantzita ikustea edo alderantziz».
Berako inauterien egitarau zabala ere aipatu du «Beran suertea dugu, edozein adinetako jendeak duelako aukera inauteriak ospatzeko, Kaldereroetan, Inude eta Artzaien konpartsan edota Inauterietako astelehenean». Dena den, bada faltan botatzen duen ekitaldi bat «gu ttikiak ginenean egiten zen karroza desfilea, gerora berreskuratzen saiatu zena. Lehiaketa eta guzti egiten zen»