Beti Gazte bigarren izan da Euskal Herriko sokatira txapelketako 600 kiloko lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 14a, 08:02
Beti Gazteko tiralariak lanean larunbatean Bermeon, Euskal Herriko 600 kiloko txapelketaren lehen jardunaldian. Argazkia: Txebi Arriaga

640 kiloko finala oinetakoekin arazorik izan ez zuten hiru taldeek bakarrik jokatu zuten igandean

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketan, 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten otsailaren 11n, larunbat arratsaldean Bermeon. Beti Gazte bigarren izan zen eta martxoaren 4an Lesakan bertan jokatuko den finalerako sailkatzeko urrats handia eman zuen.

 

Lehendabiziko jardunaldian Biakziako Sokarri izan zen onena eta gibeletik sailatu ziren Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Murueta A eta Ñapurrak (puntutan berdinduak), Abadiño, Berriozar eta Murueta B. Asteburu honetan atseden hartu eta otsailaren 25ean jokatuko dute bigarren jardunaldia eta sei onenek, finala izanen dute martxoaren 4an Lesakan.

 

640 kiloko finala hiru taldek

Joan den asteburuan bertan behera gelditu zen 640 kiloko finala eta igande honetan, oinetakoekin arazorik izan ez zuten hiru taldeek bakarrik jokatzea erabaki zuen Euskadiko Herri Kirol Federazioak. Ibarra izan zen txapeldun, Sokarri eta Gaztediren aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun